Azkoitiarren doinuak

Asier Altunaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko abu. 21a, 09:00

Asier Altuna Azkoitiko EH Bilduko bozeramailea.

Asier Altuna da Azkoitiarren doinuak serieko 41. protagonista. Azkoitia Gukak hala eskatuta, Azkoitiko EH Bilduko bozeramaileak bost euskal kanta hautatu ditu, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Ni naiz (Xabier Lete)

"Gogoko dut Xabier Leteren ahotsa, hitz bakoitzaren zorroztasuna. Abesti hau oso pertsonala eta sakona iruditzen zait, filosofikoa, Lete bera bezalakoxea".
 
  • Langile baten galderak liburu baten aurrean (Mikel Laboa)

"Mikel Laboak eragin handia izan zuen gure belaunaldian. Kolektibo zapaldu eta baztertuak oso presente izan zituen Laboak, eta borrokaren garrantzia azpimarratzen zigun. Abesti honek zer pentsatua eragiten dit".
 
  • Xirarena (Ibil Bedi)

"Asko atsegin dut abesti hau; egunerokotasunera ekartzen nau, eta sentimendu bereziak eragiten dizkidan abestia da".

  • Efemerideak (J Martina-Anari)

"Anariren abestiak gustoko ditut, eta J Martina taldearekin egin duten abesti hau bikaina iruditzen zait. Freskoa, egunerokotasun handikoa eta ederra da".

  • Ideien Kontrabandoa (Negu Gorriak)

"Gure belaunaldia markatu zuen taldea da Negu Gorriak. Kortatutik Negu Gorriakera igaro ginen. Rap musika, AEB-etako borrokak, beltzen zein beste kolektibo batzuen aldarrikapenak... iraultza txiki bat izan zen 90. hamarkadako euskal musikan. Ideien Kontrabandoa egunerokotasun handiko abestia iruditzen zait eta oso-oso gustoko dut". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide