San Martinen lurpeko parking publiko bat eraikitzeari uko egin dio Ana Azkoitia alkateak

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 30a, 16:03

Azkoitiko udalbatza, goizean, San Martingo aparkalekuen inguruko eztabaidaren unean. (Iraia Oteiza)

Goizeko ez ohiko udalbatzarrean eztabaidatu dute San Martingo aparkaleku arazoaren gaia, auzoko hainbat bizilagunek osatutako batzordeko kideak bertan zirela. Ana Azkoitia alkateak "aparkatzeko arazoak badaudela" onartu duen arren, "auzoan lurpeko parking publikorik ikusten ez" dutela, eta "beste irtenbide batzuk aztertzen" ari direla azaldu du.

Azkoitiko udalbatzak ez ohiko bilkura egin du goizean, eta hamabost puntu jorratu ditu bertan. Hain zuzen, azkeneko puntua, galde-erreguena, izan da eztabaida gehien piztu duena, San Martin auzoko hainbat bizilagunek salatu izan duten aparkaleku arazoa jorratu baitute tarte horretan. 

San Martingo aparkalekuen batzordeko kideetako batzuk izan dira udalbatzarrean, eta Antton Elorza kideak hartu du hitza denen izenean. Gutun bat irakurri du aurrena, San Martinen "aspaldidanik" pairatzen ari diren aparkaleku arazoaren berri emanez. Irakurri duenez, "2007ko Gurutzeaga Plan Berezian jaso zen auzoan 230 aparkaleku berri sortzea, horietatik 195 lur azpian, bi solairutan banatuta; modu horretan auzoko aparkaleku arazoari irtenbidea ematea zen asmoa. Proiektu hark ez zuen aurrera egin, lanak gauzatuko zituen enpresak porrot egin zuelako. Geroago, baina, 2022an, plan berezi hari aldaketa batzuk egin zizkioten, beste enpresa batek proiektu berri bat garatzeko. Proiektu berri haren planean ere jaso zituzten aparkalekuak egiteko bi solairuak".

Halaber, gutunaren arabera, "lur azpiko aparkaleku horietako bigarren sotoan partzela bakoitza 15.000€-an erostea proposatu zien eraikitzaileak auzotarrei, baina badirudi azkenean ez direla aparkaleku horiek egingo, eraikitzaileak gutxieneko erosle kopuru bat egotea eskatu zuelako, eta ez delako hala izan".

Egoera ikusita, egungo udalbatzak "herritarren aparkaleku arazoa konpontzeari" uko egin nahi izana salatu du batzordeak, aparkalekuak "ordainduta" eskaini dizkielako, "sotoan aparkaleku publikoak eskaini beharrean". Hori horrela, udalak zein eraikitzaileak "Gurutzeagako planetan hartutako konpromisoak betetzeko" eskatu du batzordeak udalbatzarrean.

Batzordearen eskaerari, erantzuna

San Martingo aparkalekuen batzordearen ostean, alderdiek hartu dute hitza. PSE-EEren udal ordezkari Janire Igoak nabarmendu duenez, bigarren sotoan aparkalekuak egitea "egokia" izan zitekeen, baina "jada baimen guztiak emanda daudenez, ezin izango da halakorik egin". Azkoitia Bai Taldeak, bere aldetik, arazoaren berri eraikuntzaren baimen guztiak eman ostean izan zuela adierazi du, eta "arazoari irtenbide bat baino gehiago ematen saiatu" den arren, "irtenbide horiek babes gutxi" izan dutela gaineratu du. Asier Altuna Azkoitiko EH Bilduko bozeramailearen arabera, berriz, hiru aldeak elkartzea litzateke egokiena: San Martingo bizilagunak, udala eta eraikitzailea, modu horretan, "irtenbide posible eta egokienak aztertzeko".

Ana Azkoitia alkatea izan da San Martingo batzordeari erantzuten azkena. Argi utzi nahi izan du Gurutzeagako planek "ez dutela eremu horretan eraiki beharrekoa jasotzen, eremu horretan eraikitzea posible litzateena baizik, etxebizitza eta aparkaleku kopuruak ere kontuan hartuta". Beraz, udalak soto horietan aparkalekuak egiteko "inolako konpromisorik ez" duela adierazi du eta "aparkatzeko beste aukera batzuk aztertzen" ari dela gaineratu du. Hala ere, alkateak nabarmendu nahi izan du "aparkaleku arazoa egon badagoen arren, San Martin auzoan ez dutela lurpeko parking publiko bat ikusten".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide