Inazio Iriarte lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu Azkoitiko Kultur Elkarteak

Ane Olaizola 2024ko uzt. 28a, 09:00

Inazio Iriarte lehiaketaren iazko irudi bat.

Abuztuaren 17an egingo dute margo lehiaketaren 41. aldia, eta aurten, Juan Mari Arrizabalagak lehiaketaren historiari buruz idatzi duen liburua aurkeztuko du sari banaketan.

Andremarietan, abuztuaren 17an, Inazio Iriarte margo lehiaketa egingo dute 41. aldiz, eta haren antolatzaile Azkoitiko Kultur Elkarteak dagoeneko argitaratu ditu oinarriak. Herritar guztiek parte har dezakete pintura lehiaketan, eta ohiko moduan, egun horretan margolariek Portaleburu erakusketa aretotik pasatu beharko dute 09:00etatik 10:00etara artean, zigiluak jartzera. Ondoren, 15:00etarako aurkeztu beharko dituzte lanak leku berean, eta 19:30ean izango da sari banaketa, Portaleburun hori ere. Aurtengo sari banaketa, gainera, berezia izango da, Juan Mari Arrizabalagak lehiaketaren historiari buruz idatzi duen liburua aurkeztuko dutelako bertan.

Artistek Azkoitian eta jendaurrean egingo dituzte artelanak goizean zehar, eta norberak eraman beharko du behar duen materiala. Era berean, aurkeztutako lan guztiak Portaleburun erakutsiko dira, eta egileek irailaren 12tik aurrera jaso beharko dituzte beren lanak udaletxeko Kultura sailean –astelehenetik larunbatera bitartean, 09:00etatik 14:00etara–. Bertan geratzen diren lanak, berriz, antolatzaileen esku geratuko dira, baita saria jasotzen duten lanak ere.

Sariei dagokienez, guztira 2.500 euro banatuko dituzte antolatzaileek: irabazleak 1.200 euro jasoko ditu, eta ondorengo bi postuetan geratzen direnek 900 euro eta 450 euro, hurrenez hurren. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide