Irailaren 21eko musika festaren xehetasunak eman ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 18a, 10:07

Ekainaren 29ko kontzertua, Balda plazan. (Azkoitiko Udala)

Hauek, Cavan, Eraldatzen, Kitziki, Attitte eta Aitor Leon dira, momentuz, 700. urteurreneko ospakizunen barruan antolatzen ari diren jaialdian parte hartuko dutela baieztatu dutenak. Herriko musikariek irekita dute oraindik izena emateko aukera. Balda plazan, Ikurrinaren Plazan eta Intsausti jauregian izango dira kontzertuak.

Azkoitiak herri agiria jaso zueneko 700. urteurrenaren barruko ekintzen artean, irailaren 21ean herriko musikariekin egun osoko musika festa egiteko asmoa azaldu zuten bere garaian Azkoitiko Udalak eta urteurreneko batzordeak. Hori antolatzeko, musikariei zuzendutako galdetegia zabaldu zuen ekainean. Orain, bi hilabete barruko musika festaren gaineko xehetasunak eman ditu udalak.

Irailaren 21ean, herriko hiru gunetan izango dira zuzeneko musika emanaldiak: Balda plazan "formatu handiko kontzertuak", Ikurrinaren Plazan "formatu ertainekoak", eta Intsausti jauregian "formatu txikikoak", udalak zehaztu duenez. Momentuz, Hauek, Cavan, Eraldatzen, Kitziki, Attitte eta Aitor Leon dira egun osoko musika jaialdi horretan parte hartzea baieztatu duten herriko talde eta musikariak, baina udalak adierazi du Azkoitia 700 batzordeak irekita mantentzen duela musikarientzako izen ematea, "talde edo musikari gehiago animatuko balitz".

Goizean 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 21:00etara emango dituzte kontzertuak irailaren 21ean. Intsaustiko gunean, arratsaldeko ordutegiaren barruan bakarrik izango dira musika emanaldiak; eta gune horretan, musikaz gain, Herrixen merkatarien elkarteak antolatutako Merkataritza Fest azoka ere egingo dute.

Musikarien dietak eta baldintzak

Azkoitia 700 egitasmoaren barruko jardunaldian parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek herriko musikariak, eta espreski haiei zuzendutako hainbat xehetasun ere eman ditu udalak bere oharrean.

"Herriko taldeen lana eskertu eta sustatzeko asmoz", musikariei dietak ordainduko dizkiete, "kontzertuaren prestaketak sortu ditzakeen gastuei aurre egiten laguntzeko". Horretarako 2.000 eurokoko diru poltsa bat bideratuko dutela jakinarazi du erakundeak, eta bakarlari, DJ edota talde bakoitzarentzat aurreikusitako dietak ere zehaztuta dituzte: bakarlariek eta DJek 100 euroko dietak jasoko dituzte, eta 200 eurokoak taldeek. Dena den, kopuru horiek "aldaketak jasan ditzakete", jaialdian parte hartzera animatzen den talde kopuruaren arabera. Eta berean, "jasotako proposamen guztiak baloratuko" dituztela eta "interesdunei aldaketa posibleak jakinaraziko" dizkietela dio udalak.

Bestetik, kontzertuetarako beharrezko musika ekipoak antolatzaileek jarriko dituzte musikarien eskura; eta "berezitasunik beharko balitz", antolatzaileekin harremanetan jartzeko dei egin diete musikariei, "bideragarritasuna aztertzeko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide