Aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrentzat omenaldia eta bazkaria prestatu dituzte beste behin Azkoitiko Udalak eta Plaza Ondo jubilatuen elkarteak andremarietarako, eta bazkarira joan nahi dutenek abuztuaren 2ra bitartean eman dezakete izena, jubilatuen elkartearen bulegoan.
Abuztuaren 17an, andremarietako Baserritarren Egunean, egingo dute omenaldia. Egun horretan, 12:30ean meza egingo dute, eta iaz bezala, aurten ere omenaldi-bazkaria Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dute, 14:00etan. Gainera, trikitilariek girotuko dute bazkalostea.