Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, festa egun berezia izan zen atzo Azkoitian. Ekitaldi berezia antolatu zuen Azkoitiko Udalak San Joan bezperarako, herriaren 700. urteurrena tarteko. Sahatsa dantza taldearen ikuskizunak ireki zuen ospakizun ekitaldia, eta sua pizteaz Anaitasuna mendi bazkunako eta Iraurgi saskibaloi klubeko ordezkariak arduratu ziren. Behin sua piztuta, berriro atera ziren plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala, askotariko piezak eskaini zituzten. Ondoren, herritarrek suaren bueltan dantzan aritzeko aukera izan zuten. Jendetza bertaratu zen San Joan bezperako ekitaldia bertatik bertara jarraitzera.