Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar Azkoitiko plazan, lantegi horretako beharginei babesa adierazteko zein enpresaren jarrerak salatzeko. Izan ere, apirilaren hasieran jakinarazi zuten Sidenorrek Azkoitian duen lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi zutela enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek —ELAk eta LABek ez zuten sinatu—. Azken bi sindikatu horien arabera, ezarri zuten %29ko espedienteak Azkoitiko lantegiko 312 langileri eragiten die, eta salatu dute "ELAk eta LABek Azkoitian osatzen duten gehiengo sindikala boikotatu" dutela akordioarekin.
Halaber, bi sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, "espedientea soilik Azkoitiko lantegian ezarri dute, baina ez Reinosakoan (Kantabria), hasieran hitzartu bezala". Salatu dutenez, "enpresa eta UGT, CCOO eta USO sindikatuak Reinosako lantegian duten gehiengoaz aprobetxatzen ari dira".
Horrez gain, "lan hitzarmen berri baten beharra" aldarrikatu dute, azken 10 urtean lan baldintzek "nabarmen egin dutelako okerrera".
Arrazoi horiengatik, elkarretaratzea egitea erabaki dute, "Azkoitiko herriak Sidenorreko langileen egoeraren berri izan dezan".