Gurutze Eizmendi eta Erika Olaizola protagonista, 'Zurak eta ezpalak' saioaren denboraldi berriko lehen atalean

Guka Telebista 2024ko eka. 6a, 10:05

Guka Telebistak atzo, asteazkena, eskaini zuen Zurak eta ezpalak saioaren denboraldi berriko lehen atala. Gurutze Eizmendi eta Erika Olaizola ama-alabak izan ziren Andrea Zipitria kazetariak zuzendutako saioko lehen protagonistak. Datorren asteko saioan, Jose Inazio Orbegozo Arria II.a eta Xabier Orbegozo Arria V.a aita-seme aizkolariak elkarrizketatuko ditu Zipitriak.

Guka Telebistak Zurak eta ezpalak saioaren bigarren denboraldiko lehen atala eskaini zuen atzo, asteazkena. Andrea Zipitria kazetariak gidatutako saioko lehen gonbidatuak izan ziren Gurutze Eizmendi eta Erika Olaizola ama-alaba aktoreak; kazetariak kultur arloko elkarrizketa egin zien Azpeitiko ama-alabei.

Arlo edo bide bera urratu duten sagei lotutako elkarrizketa saioa da Zurak eta ezpalak. Familia bereko kide ezagunak izango dira protagonista, eta lehen atalean, kultur arloan, bereziki antzerkian, ezagunak diren Azpeitiko ama-alabekin bildu da Zipitria. Beraien ibilbideaz, obrez, eta oro har, antzerkiaz duten ikuspuntua eman dute Eizmendik eta Olaizolak.

Guztira, Zurak eta ezpalak saioaren lau atal eskainiko ditu Guka Telebistak bigarren denboraldian; atzokoaz gain, beste hiru saio emango ditu askotariko gaiak ukituz. Datorren asteazkenean, Jose Inazio Orbegozo Arria II.a eta Xabier Orbegozo Arria V.a aita-seme aizkolariak izango dira saioko gonbidatuak. Programa Guka Telebistan ikusi ahal izango da datorren asteazkeneko —ekainak 12— 21:00etatik aurrera, eta han ikusi ezin dutenek, Guka webgune guztietan ikusi ahal izango dute osorik hurrengo egunetik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide