Udalaren harrera jaso dute Ttakun areto futbol taldekoek

Nerea Uranga 2024ko mai. 26a, 09:00

Areto futboleko Gipuzkoako Lehen Mailara igotzea lortu du, eta maila bat beheragoko txapela irabazita bukatu du denboraldia Ttakun taldeak. Azkoitiko alkateak eskatu zien, orain arte bezala, segitzeko Elkargunea betetzen eta giro ona zabaltzen.

Atzo arratsaldean Areto futboleko Gipuzkoako Bigarren Mailako finala irabazi berritan egin zieten harrera Azkoitiko udaletxean Ttakun taldekoei. Gipuzkoako Lehen Mailara igotzea lortu du taldeak, eta atzo Oñatin ligako txapela eskuratu zuen, Donostiako Makax taldeari 6 eta 2 irabazita; golak Barquerok, Espik, Godoyk, Ekik eta bi Iñik sartu zituzten.

Udaletxean Ana Azkoitiak alkateak egin zien harrera txapeldunei, eta eskertu zion Ttakun taldeari "ostiralero harmailak betetzea eta han izaten den giro ona". Orain bezalaxe jarraitzeko eskatu zien Azkoitiak Ttakunekoei eta zoriondu egin zituen: "Kirolean giro onean jarduteko eskatuko nizueke, eta Azkoitiaren izena joaten zareten tokian zabaltzeko eta ondo uzteko".

Segidan balkoira atera ziren Ttakunekoak plazan zegoen jendea agurtzera. Jende asko zegoen plazan III. Trikiti Eguneko erromerira joanda, eta haien guztien txaloak jaso zituzten areto futboleko txapeldunek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide