Tta-kun areto futbol taldeari harrera egingo dio bihar udalak

Iraia Oteiza 2024ko mai. 24a, 11:18

Azkoitiko taldeak Gipuzkoako Lehen Mailan jokatzeko txartela lortu berri du, eta hori aitortzeko, udalak harrera egingo dio. Taldekideek udaletxeko balkoitik agurtuko dituzte zaleak, 19:00etan. Udalak ordu horretan plazan biltzera deitu ditu herritarrak.

Joan den astean Gipuzkoako Lehen Mailara igotzea lortu zuen Tta-kun areto futbol taldeak, Legorreta taldearen aurka 2-2 berdinduta. Ondorioz, datorren denboraldian maila bat gorago jokatuko du Azkoitiko taldeak. Lorpen hori aitortzeko eta taldea aurrez aurre zoriontzeko, Azkoitiko Udalak harrera egingo die taldekideei bihar, 19:00etan.

Ana Azkoitia alkateak udaletxean egingo die harrera aurrena, eta taldekideak udaletxeko balkoira aterako dira ondoren, zaleak zein herritarrak agurtzera eta haien berotasuna jasotzera. Udalak herritar oro herriko plazan elkartzera animatu du, taldearen lorpenak ospatu ahal izateko.

Oñatitik bueltan izango da harrera. Izan ere, Gipuzkoako Bigarren Mailako ligaren finala jokatuko du Tta-kunek bihar hango kiroldegian, Donostiako Makax taldearen aurka. Azkoitiko taldeak Bigarren Mailako txapela bereganatzeko aukera izango du han.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide