Ohorea dago jokoan

Iraia Oteiza eta Urtzi Oteiza 2024ko mai. 24a, 10:00

Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko herri kirol erronka izango da igandean, Azkoitiko plazan. Herri bakoitzeko launa kirolari arituko dira norgehiagoka, aizkoran, harri jasotzen eta txingekin.

Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko lehiak ez du etenik. Oraingo honetan herri kiroletan aritu beharko dute nor baino nor gehiago, bi herrien arteko erronka antolatu baitute iganderako. Herri bateko zein besteko launa herri kirolarik neurtuko dituzte indarrak Azkoitiko plazan.

12:30ean hasita, aizkoran, harri jasotzen eta txingekin arituko dira kirolariak. Azkoitiarren taldean Julen Alberdi Txikia IV.a arituko da aizkoran, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Haritz Aranguren Norde harri jasotzen, eta Asier Unanue Goenatxo IV.a txingekin. Aldiz, azpeitiarren taldean Mikel Larrañaga arituko da aizkoran, Xabier Aranburu Guzta eta Olaia Esnaola harri jasotzen, eta Jon Lapeira txingekin.

Ondorengo lanak egin beharko dituzte buelta bakoitzean: Nordek 100 kiloko bola jaso beharko du sei bider, eta Olaia Esnaolak 63 kiloko bola beste hainbeste aldiz; Goenatxo III.ak eta Guztak, berriz, 113 kiloko harri kubikoa altxako dute seina aldiz; Txikia IV.ak eta Larrañagak bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte; eta azkenik, Goenatxo IV.ak eta Lapeirak bi plaza osatu beharko dituzte 50 kiloko txingak hartuta. Halako lau buelta osatu beharko dituzte; ondorioz, erronka osoa kontuan hartuta, harri jasotzaileek orotara hogeita launa jasoaldi egingo dituzte, aizkolariek zortzina kanaerdiko ebakiko dituzte, eta txingekin zortzina plaza osatuko dituzte. Lau bueltak azkarren egiten dituen taldeak irabaziko du bi herrien arteko erronka.

Era berean, lehiaren aurretik harri jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute, eta beraiek arduratuko dira bukaeran bolarekin agurra egiteaz ere.

"Aizkoran hobekien aritzen den taldeak irabazteko aukera izango du"

"Lehia estua" espero dute Jon Unanue Goenatxo III.ak (Azkoitia, 1992) eta Jon Lapeirak (Azpeitia, 1996). Txapelketetarako eta erakustaldietarako entrenatzen dihardute biek ere, eta igandeko erronkarako "prest" daudela adierazi dute. Lapeiraren arabera, "txinga proban garrantzitsua izango da txingak eskuekin ongi hartu eta horiek erori gabe bi plazak ahalik eta azkarren osatzea". Estrategien inguruan galdetuta, berriz, Goenatxo III.ak argi du lehiaren gakoa aizkoran egongo dela: "Txingatan eta harri jasotzen alde handirik ateratzerik ez dugu izango. Niretzat, aizkoran egongo da gakoa; egokitzen zaizkien egurrak nolakoak diren, adarrik ba ote duten... halako xehetasunek erabakiko dute dena. Lanik luzeena ere beraiena izango da. Aizkoran hobekien aritzen den taldeak irabazteko aukera izango du".

Tradizioa eta berrikuntza

Lapeirak urte batzuk daramatza jada crossfit munduan, eta indarrari lotutako ariketak egitera "oso ohituta" dagoela adierazi du. "Nire neska laguna harri jasotzailea da, eta berari laguntzen aritzen naiz. Niri ere probatzeko gogoa sartu zitzaidan, eta halaxe murgildu nintzen herri kiroletan. Ingude altxatzen aritu izan naiz, harri jasotzea ere probatu dut, lokotx biltzea ere bai, eta txingekin ere ibiltzen naiz. Gustura aritzen naiz". Gipuzkoako txapelketetan parte hartu zuen iaz azpeitiarrak, bai ingude altxatzean, baita txingatan ere. "Orduan ezagutu nituen inguruotako herri kirolariak, lehian genbintzala".

Bestelakoa da Goenatxo III.aren egoera, aita eta osaba harri jasotzaileak izanda, familiatik etorri baitzaio herri kirolekiko zaletasuna: "Mundu honetan hazitakoa naiz, eta umetan hasi nintzen lehen harriak altxatzen, nik ere probatu nahi nuelako. Gu bezala, belaunaldi berriko herri kirolariren batzuk badaude, baina gehiago dira mundu honetan oraintsu murgildu diren gazteak. Crossfit-etik datoz asko, eta hori ona da herri kirolentzat, zenbat eta jende gehiago aritu maila ere altuagoa delako, eta lehia are estuagoa. Momentu onean daude herri kirolak".

Sari "handia"

Azkoitiko Udalean sortutako ideia izan da Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean herri kirol erronka egitea. "Udaleko kirol zinegotzia jarri zen gurekin harremanetan, ea halako erronkaren bat egiteko prest ote geundeken galdetuz. Baiezkoa eman genion, eta kirolariok elkarlanean antolatu dugu lehia", azaldu du Goenatxo III.ak.

"Galtzen duena zeharo muturtuta joango da bueltan etxera"

"Niretzat berriagoa da hau dena, baina erronkan parte hartzeko deitu zidatenean, baiezkoa eman nien. Halakoetan ez dakit ezezkorik ematen", dio Lapeirak.

Hitzartutako lau bueltak azkarren osatzen dituen taldea izango da erronkako txapelduna. Irabazleak ez du sari fisikorik izango, baina ohorea izango da jokoan: "Galtzen duena zeharo muturtuta joango da bueltan etxera", dio barrez Lapeirak. "Eta irabazleen aldetik ederrak entzun beharko dizkik urte luzez, gainera!", gaineratu du Goenatxok.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide