32. Udaberriko Musikaldiaren laugarren eta azken aleaz gozatzeko aukera izango da etzi, larunbata, Santa Kutz komentuan. Bilboko Koral Elkartea izango da aurtengo laugarren eta azken kontzertua emango duena, 18:30ean, Santa kutz komentuan.
Valentin Maria Zubiaurre (Garai, Bizkaia, 1837 - Madril, 1914) musikagilearen Oratorio La Pasión obra eskainiko du Bilboko abesbatzak Azkoitian. Bilboko Koral Elkartea tradizio eta ibilbide luzeko abesbatza elkartea da; 1886an sortua, gaur egun hiru koru ditu. Udaberriko Musikaldiko kontzertuan, Enrique Azurza zuzendari artistikoarekin batera arituko dira Santa Kutzen Ana Otxoa sopranoa, Beñat Egiarte tenorea, Julen Garcia eta Jagoba Fabrique baritonoak, eta Alberto Saez Puente pianista.
Etzi ere autobus zerbitzua jarriko du Azkoitiko Udalak herrigunetik Santa Kutzerako joan-etorrirako. Autobusa 18:00etan irtengo da Julio Urkixo kaleko geralekutik, eta ez dago aurrez tokia gorde beharrik.