Maiatza musikaren hilabetea izan ohi da Azkoitiko Santa Kutz auzoan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo musika doinuek hango komentuan, Azkoitiko Udalak hogeita hamabigarren aldiz antolatu baitu Udaberriko Musikaldia maiatzeko larunbatetarako. Antolatzaileen arabera, "luxuzko egitaraua" programatu dute aurtengorako.
Datorren zapatuan, hilaren 4an, hasiko da Udaberriko Musikaldia, eta Maite Arruabarrena mezzosopranoa eta German Ormazabal pianista arduratuko dira egitaraua irekitzeaz, 18:30ean. Maiatzaren 11n, berriz, Bach & "Bach" taldea izango da oholtza gainean. Johann Sebastian Bachen abestian oinarri hartuta, musika barrokotik doinu garaikideetara emango dute jauzia, besteak beste, jazzera. Nazioartean "ospe handia" duten hiru musikarik osatzen dute taldea: Antonio Serranok, Daniel Oiarzabalek eta Pablo Martin Caminerok, hain zuzen ere.
Zikloaren barruko hirugarren kontzertua, bestalde, Euskadiko Orkestrako kide diren Laura Balboak, Larraitz Oiartzabalek, Maite Abasolok eta Gabriel Mesadok eskainiko dute. Laurek Xarma Laukotea osatzen dute, eta Manuel Canalesen zein Franz Schuberten piezak taularatuko dituzte horiek.
Autobus zerbitzua
Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko dira, eta sarrera doakoa izango dute. Ohi bezala, kontzertura joan-etorria egiteko autobus zerbitzua antolatu du udalak: Santa Kutz komentura joateko, 18:00etan aterako da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik (Eroski Consum ondoan), eta emanaldia amaitutakoan itzuliko da herrira. Autobuserako ez da aldez aurretik izena eman beharko.