Anaitasunak Emakumeen Euskal Ligako 34. eta azken jardunaldia jokatu zuen larunbat arratsaldean Txerloian. Taldeak Barakaldoko Pauldarrak hartu zuen etxean, eta gorritxoek gol zaparrada jasota agurtu zuten liga. Izan ere, 1-7 galdu zuen Anaitasunak denboraldiko azken neurketan.
Partidaren hasierako minutuetan, golak sartzeko hainbat aukera izan zituen etxeko taldeak, baina ordu laurdenera, Pauldarrakena iritsi zen. Ordutik aurrera, ia errenkadan iritsi ziren bizkaitarren segidako golak, eta atsedenaldirako lau gol sartuta zituzten. Partidaren bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, gainera, Pauldarraken bosgarrena eta seigarrena iritsi ziren, eta 63. minutuan, zazpigarrena. Partida galduta zuela, Maiderrek Anaitasunaren gol bakarra sartu zuen norgehiagokaren hondarrean, eta markagailua 1-7 zela iritsi zen neurketa amaierara.
Gizonen lehen taldeak ez bezala, Anaitasunako emakumeek aurretik ere Emakumeen Euskal Ligako maila bermatuta zuten. Azkenean, 37 punturekin, sailkapeneko 13. postuan amaitu du Azkoitiko taldeak sasoia, Añorga B, Leioako Emakumeak, Peña Santurtzi, Oiartzun B eta Aranbizkarra taldeen aurretik, hurrenez hurren.