Anaitasunaren Hirugarren Mailako taldeak maila galdu du gaur arratsaldean Basaurin (Bizkaia), Basconiaren aurka 3 eta 2 galdu ondoren. Gutxienez puntu bat batzea eta jaitsiera saihesteko aurkari zuen Pasaiaren porrotaren zain egotea zen Anaitasunak behar zuen aukeretako bat, baina ez da horrelakorik izan; gorritxoek galdu eta pasaitarrek bina berdindu dute Vitoria liderraren aurka, Eibarren (Gipuzkoa). Anaitasunak Ohorezko Erregional Mailan jokatuko du datorren denboraldian.
Basauriko dema hutsean zela iritsi da Eibartik ailegatu zitekeen berririk txarrena; izan ere, Pasaia 0 eta 1 aurreratu da penaltiz neurketako 6. minutuan. Are gehiago okertu da egoera Anaitasunarentzat handik minutu gutxira, Basconiak gorritxoei ordu erdia bete aurretik aurreneko gola egin dietenean. Azkoitiko futbol taldea une hartan Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailako taldea zen.
Arratsalde beltza izango zena argitzen hasi da atsedenaldiaren aurretik Vitoriak Pasaiaren aurkakoa berdindu duenean; zer esanik ez aldageletatik bueltan bai Basauriko eta bai Eibarko partidek hartu duten itxurarekin. Batetik, Eibarren, Vitoriak Pasaiaren aurkako norgehiagoka irauli du 51. minutuan, eta bestetik, Basaurin Ander Arabaolaza Anaitasunaren historiako golegilerik nagusienetako batek —ehun gol baino gehiago egin ditu aurrelariak Anaitasunaren lehen taldearekin— Basaurin partida orekatzea lortu du, 54. minutuan. Barbarinen erdiraketan Arabaolazak buruz erremate paregabea egin du atera, eta baloiak sareetarako bidea hartu du.
Une hartan Anaitasuna jaitsiera postuetatik kanpo aurkitzen zen. Poz egoera gorabeheratsua izan da, ordea. Basconiak 58. minutuan lortu du 2 eta 1ekoa egitea, eta Anaitasuna berriro zuloan sartu du. 61. minutuan, baina, Ion Izagirrek buruz egindako errematean parekatu du lehia. Eibarren, neurketa amaitzeko hamabost minuturen faltan lortu du binakoa Pasaiak, eta hori horrela izanda, Anaitasunari Basaurin irabazteak soilik balio zion mailari eusteko. Gola egin duena, ordea, etxeko taldea izan da; 83. minutuan lortu dute basauriarrek garaipena emango zien gola erdiestea. Handik aurrera ezer gutxi egiteko aukera izan du Txema Añibarroren taldeak, eta luzeak eta geldoak izan diren minutuek eraman dute Azkoitiko taldea maila galtzera.
Lau urte Hirugarren Mailan
Pandemia egoera ezarri zuten urtean, 2019-2020 denboraldian igo zen Anaitasuna Espainiako Hirugarren Mailara; egoera hura tarteko, liga txapelketak eten zituzten futbol federazioek, eta une hartan Gipuzkoako liga txapelketako aurrena zelako igo zen orduan Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen zuen taldea mailaz. 2020-2021 denboraldia, berriz, aparta izan zen klubarentzat, urte historikoetako bat. Espainiako Errege Kopako kanporaketa jokatu zuen Txerloian Getaferen aurka, eta denboraldi amaieran Espainiako Bigarren Federazio Mailara igotzeko play-offak jokatu zituzten. Bigarren kanporaketan galdu zuen mailaz igotzeko aukera Artetxek zuzentzen zuen taldeak, Sestaoko (Bizkaia) Las Llanas zelaian 1 eta 0 galduta.
Iaz, mailari eusteko borrokan jardun arren, aise eutsi zion erronkari Anaitasunak; Artetxeren taldeak sailkapeneko hamargarren postuan amaitu zuen denboraldia, 37 punturekin. Aurten, ezin izan du helburu bera errepikatu Añibarro entrenatzailearen aginduetara.
Emakumeen berdinketa Hernanin
Anaitasunaren Emakumeen Euskal Ligako taldeak, bestalde, bana berdindu zuen atzo arratsaldean, Hernaniko (Gipuzkoa) Zaldupe zelaian. Joan den astean ziurtatu zuten Mikel Barqueroren taldekideek datorren denboraldian maila berean jarraitzea, eta atzo, izurik gabe egin zioten aurre emakumeek lehiari. Hala, hortzak erakutsi zizkion sailkapenean seigarrena den Hernaniri.
25. minutuan lortu zuten etxekoek abantaila hartzea, baina lau minutura berdindu zuen Anaitasunak norgehiagoka. Maider Badiola aurrelaria atezainaren aurrean bakarrik gelditu zen, eta hark ez zuen hutsik egin. Aldiz, gorabehera gutxiko dema izan zen bigarren erdia. 37 punturekin, sailkapeneko hamabigarrena da orain Anaitasuna. Datorren astean itxiko dute denboraldia emakumeek, Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak taldearen aurka.