Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Azkoitiko plazan, lantegi horretako zein Limpiezas Rosiko beharginei babesa adierazteko zein enpresaren jarrerak salatzeko. Izan ere, apirilaren hasieran jakinarazi zuten Sidenorrek Azkoitian duen lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi zutela enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek —ELAk eta LABek ez zuten sinatu—. Sindikatuen arabera, espedienteak 310 langile ingururi eragiten die, eta salatu dute "ELAk eta LABek Azkoitian osatzen duten gehiengo sindikala boikoitatu" dutela akordioarekin.
Horrez gain, espedienteak Sidenorrek azpikontratatutako langileen lan baldintzetan ere eragin du, tartean Limpiezas Rosi enpresako langileenetan. Izan ere, hiru garbitzaile kaleratu dituzte. Sidenor langileengan "beldurra" sortzen ari dela nabarmendu dute bi sindikatuek, eta uste dute hori enpresaren "erabaki politikoa" dela, hitzarmenaren negoziaketa "baldintzatzen" duena. Hori dela eta, mobilizatzen jarraitzeko borondatea erakutsi dute.