Zein da Gukakidea?

Erredakzioa 2024ko mai. 15a, 08:44

Orain arte UKTko tokiko hedabide bateko bazkide izan dena Gukakide izatera igaroko da. Gukakide txokoa sortu dute guztientzako, eta bertan jaso nahi izan dira bazkideentzako abantaila guztiak.

Bazkide guztiak Gukakide izango dira, baina horietako bakoitza orain arte harpidetuta egon den hedabidera jarraituko du harpidetuta. Esaterako, orain arte Baleikeko bazkide izan dena, Zumaia Gukako bazkide izatera igaroko da. Berdin Karkara, Zarauzko Hitza, Maxixatzen eta Uztarriako bazkideekin; Orio Guka, Zarautz Guka, Azkoitia Guka eta Azpeitia Gukako bazkide izango dira, hurrenez hurren.

Orain arteko Urola Kostako Hitza eta Erlo telebista batu dira, eta Guka sortu da; eskualde osoko informazioa jasotzen duen hedabidea osatuz. Beraz, Urola Kosta Hitzako bazkideak Gukako bazkide izango dira aurrerantzean, baina guztiak Gukakide izango dira.

Zergatik izan Gukakidea?

Gure hedabideetako bazkideak zaudete gure komunitatearen erdigunean. Proiektua sendotzeko eta tokiko hedabide profesionalak izateko, herritarren eta eragileen babesa eta atxikimendua ezinbestekoak ditugu. Komunitate zabala eraikitzen jarraitu nahi dugu, gure alea jarri euskararen normalizaziorako bidean eta herrigintza sustatu ahal dugun neurrian.

Horretarako, proiektua babestuko duten bazkidetza mota ezberdinak sortu ditugu, beharrak ere ezberdinak izan daitezkeela ulertzen dugulako, eta berrikuntza nagusia Gukakide digitala da.

Bazkidetza motak

Orain artean, gure bazkidetzak paperari oso lotutakoak izan dira, baina orain proiektua bere osotasunean babesteko bazkidetzak lortu nahi ditugu. Horregatik, hiru bazkidetza figura sortu ditugu:

  1. Gukakide papera: argitalpenak etxean jaso nahi dituena.
  2. Gukakide digitala: argitalpenak modu digitalean irakurri nahi duena.
  3. Gukakide babeslea: herriko merkatari, dendari eta ostalariei zuzenduta.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide