Hamar urteren ostean, herrian saltsa jartzera dator Elojupeko Kilometroa

Ihintza Elustondo 2024ko mai. 10a, 09:00

Duela hamar urteko Erlojupeko Kilometroan parte hartu zuten korrikalariak eta antolatzaileak. (Xeye)

Xeye atletismo taldeak antolatuta, Erlojupeko Kilometroa egingo dute bihar Azkoitian. Bota dute erronka: hamalau lagunek ezetz egin hiru minuturen azpitik kilometroa.

Azken hamar urteotan egin ez den kirol proba bat berreskuratuko du bihar Azkoitiak: Erlojupeko Kilometroa. Xeye atletismo taldeak antolatu du, eta elkarte horretako kide Jose Antonio Zulaiak azaldu duenez, kirola sustatzeaz gain, "herrian saltsa" jartzea da asmoa.

Bere garaian, bi aldiz egin zuten proba: 2013an eta 2014an. Zulaikaren arabera, aspalditik zuten erronka berreskuratzeko gogoa, eta aurten iritsi da eguna. "'Berriz ere antolatu beharko dugu' aipatzen genuen gure artean, eta berriro egitea erabaki dugu. Inguruko denak proba luzeak antolatzen ari dira, eta guk motzeko bizitasun hori sustatu nahi dugu".

Bi ataletan banatu dute biharko kirol proba. Lehenik, Xeyeko 12 eta 14 urte arteko gazteek erakustaldia egingo dute; 400 metroko ibilbidea osatu beharko dute, 17:00etan hasita. Honako ibilbide hau egingo dute: Donibane okindegiaren paretik abiatuko dira, eta Alameda taberna zenaren parean amaituko dute bidea, Plazaberrin. Haien ostean, gainontzeko partaide guztien txanda izango da; 18:00etan hasita, Lidl supermerkatuaren pareko biribilgunetik abiatuko dira, eta gaztetxoen leku berean izango dute helmuga. Ibilbidea maldan goitik beherakoa dela nabarmendu du Zulaikak, eta beraz, "azkar egitekoa".

Gazteen proba erakustaldia izango da, hau da, ez zaie denborarik neurtuko. Ondoren, bai, helduagoen proban denborak neurtuko dituzte Xeyeko antolatzaileek. Duela hamar urte bota zuten erronka zein izan zen gogora ekarri du Zulaikak: "Duela hamar urte erronka honakoa izan zen: hamar lagunek ezetz hiru minuturen azpitik egin kilometroa. Hamalauk jaitsi zuten denbora hori orduan, eta ea orain horrenbeste jendek lortzen duen. Konparaketa hori egin nahi dugu. Triatloi taldekoak-eta ari dira beren artean erronkak egiten, eta ea saltsa hori sortzen den herrian. Lehiakortasuna sustatzea baino, giro hori sortzea nahi dugu".

Izen ematea, 16:00etan

Proban parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena; 16:00etan jarriko dute mahaia, Plazaberrin. Doakoa izango da izen ematea. Herriko jendea nahiz ingurukoa animatu dute parte hartzera.

2014. urteko markak

Gizonetan: Jon Perez. Bi minutu eta 35 segundo behar izan zituen kilometroa egiteko. *Pedro Muñozek ere denbora bera egin zuen, baina ehunen batzuk tarteko, Perez gailendu zitzaion. Emakumeetan: Jone Zabaleta. Bi minutu eta 59 segundo behar izan zituen kilometroa egiteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide