Langile mugimenduaren hastapenak gogoratzeko, Matadero Ekintzakek ibilaldia egingo du bihar herrian

Ane Olaizola 2024ko api. 30a, 10:42

Abarketagileak, joan zen mendean. (Azkoitia Irudietan)

Musika eta historia uztartuz, XX. mende hasierako langile mugimendua irudikatzeko pasiera bat egingo dute bihar, egun desagertuta dauden duela mende bateko paisaietatik barrena. Txaranga Urretabizkaiaren konpainian, Matadeixen hasiko dute ibilaldia, eta plazan amaitu.

Udaberriko Bebarruko Jardunek Maiatzaren 1arekin uztartuko ditu aurten Matadero Ekintzakek, eta Azkoitiko langile mugimenduaren hastapenak gogoratzeko baliatuko dute Langileen Nazioarteko Eguna. Txaranga Urretabizkaiaren konpainian, herrian zehar ibilaldia egingo dute egun desagertuta dauden duela mende bateko paisaietatik, XX. mende hasierako herriko egoera ekonomikoa eta langile borroka irudikatuz.

Hain zuzen, 1918ra egingo dute jauzi 10:00etan Matadeixen elkartzen direnek. "1918 eta 1923. urte arteak gatazkatsuak izan ziren ekonomikoki, besteak beste, abarketagileen grebak zirela eta. 1920. urteko gertakariekin goia zuen egoera horrek. Greba indartsuak egin ziren herrian, eta horrek Azkoitiko hizkeran ezaguna den lokautea eragin zuen. Hau da, zenbait lantegi itxi egin ziren, eta gatazkak izan ziren, esaterako, Guardia Zibilarekin", azaldu du Imanol Mujikak. Hark gidatuko du herrian zehar egingo duten ibilaldia, Goretti Orbearekin batera. Ibon RGk, bere aldetik, hainbat bertso eskainiko ditu ibilaldian zehar. Bitartean, gainera, Txaranga Urretabizkaiak hainbat pieza eskainiko ditu.

Matadeitik abiatuta, herrian pasiera bat emango dute, testuinguru horretan giltzarri izan ziren hainbat gunetan geldialdiak eginez. Hasteko, Intsausti eremuaren inguruan zegoen Alberdi y cia abarketa tailerrera joango dira, eta handik, Guardia kalean zegoen Guardia Zibilaren kuartel ingurura. Ondoren, Ibai Ondo kalearen eta Jausoro auzoaren artean zegoen Txapel fabrikan egingo dute geldialdia, eta handik Altzibar auzora joko dute. Egitasmoari amaiera, berriz, plazan emango diote.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide