Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak izango dira bihar Bilbon eta Iruñean, eta horietara gerturatzeko deia egin dute Urola Kostako zenbait eragilek.
LAB sindikatuak langileen eguna baliatuko du eratu zela 50 urte igaro direla ospatzeko. Langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzeko konpromisoan berretsiko da sindikatua urteurren borobilean. Hala, festak eta aldarrikapenak bat egingo du Iruñean: egun osoko egitaraua prestatu du sindikatuak Nafarroako hiriburuan, eta bailarako herrietatik sindikatuak propio antolatutako autobus zerbitzuaren bitartez gerturatuko da Iruñera zenbait herritar. Gaztelu plazatik manifestazioa abiatuko da lehendabizi 11:30ean; Anaitasunan ekitaldia izango da jarraian; eta bertan izango da egun osoko ospakizuna: herri bazkaria eta kontzertuak. Hara joateko, autobusa antolatu dute eskualdetik, eta Azkoitian 09:00etan abiatuko da, liburutegi ondotik. Autobusez Iruñera joateko izena, berriz, Zurt tabernan 680 55 40 74 eta 680 82 51 27 telefono zenbakietan eman daiteke.
Manifestazio nazionala deitu du, bestalde, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gaurko. Bilbora joateko deia egin dute Urola Kostan ere: Jesusen Bihotzetik aterako da protesta 13:00etan, eta goizean, Azpeititik, Zestoatik, Azkoititik, Zumaiatik, Getariatik eta Zarauztik izango dute kolektibo horrek propio antolatutako autobusetan hiriburura gerturatzeko aukera.
ELA sindikatuak, berriz, bi deialdi egin ditu gaurko egunerako. Bilbon eta Iruñean mobilizazio bana du deitua sindikatuak: 11:30ean abiatuko dira biak, Jesusen Bihotzetik eta Gurutz plazatik, hurrenez hurren.