Doctor Deseo, Esne Beltza, Nøgen... udako kontzertuen artean

Ane Olaizola 2024ko api. 27a, 09:30

Esne Beltza taldea. (Esne Beltza)

Uztailaren 20an eta andremarietan plazan kontzertuak eskainiko dituzten taldeen berri eman du udalak. Doctor Deseok azken diskoa aurkeztuko du uztailean, eta festetan, Nøgen, I Love 's 80, Esne Beltza eta Hauek taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak.

Datorren udan Azkoitiko oholtza gainean izango diren musika taldeen berri eman du Azkoitiko Udalak, andremarietako kontzertuen egitaraua ixtearekin batera. Hain zuzen, udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak uztailerako elkarlanean antolatzen duten emanaldia Doctor Deseo taldeak eskainiko du aurten; uztailaren 20an, larunbatez, izango da kontzertu hori, eta Bilboko taldeak sei abestiz osatutako En el brillo de tus ojitos azken diskoa aurkeztuko du herriko plazan.

Abuztuan, herriko festetan, bestalde, "luxuzko" beste lau kontzertu izango direla iragarri du udalak: Nøgen taldeak pop-folk doinuekin emango die hasiera andremariei abuztuaren 14an, eta hurrengo egunean, Andremari egunean, I Love 's 80 taldeak 80ko hamarkadako abesti ezagunak ekarriko ditu gogora, "popari, rockari eta musika elektronikoari" bide emanez. Abuztuaren, 16an, berriz, Esne Beltza igoko da plazako oholtzara. Taldeko abeslari Xabi Solanok jakinarazi berri du taldeak datorren urtean agur esango duela, 17 urteko ibilbidearen ostean. Horrenbestez, agurreko biraren barruan, Azkoitian egingo du geldialdia. Kontrara, duela gutxi sortutako Hauek Azkoitiko taldea arduratuko da festei musikaz amaiera emateaz. Boskoteak kaleratu berri duen Itzuli naiz lehen diskoa aurkeztuko du plazan, abuztuaren 18an.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide