Jokin Aranbarri (Azkoitia, 1984) futbol entrenatzaileak zuzentzen duen Vitoria futbol taldeak Espainiako Hirugarren RFEF Mailako liga txapelketa irabazi du, eta ondorioz, mailaz igotzea lortu du. Liga amaitzeko bost jardunaldi falta direla lortu du Aranbarrik Eibarren bigarren taldea mailaz igotzea. Txapelketa guztian zehar erakutsi du Vitoriak beste kluben gainetik dagoen taldea dela; 23 partida irabazi, sei berdindu eta bakarra galdu du. Mailaz igo berritan, "egindako lanarekin gustura" agertu da azkoitiarra.
Mailaz igota, pozik egongo zarete, ezta?
Asteburu polita izan zen aurrekoa. Neskak ere mailaz igo dira, eta Ipuruan elkartu ginen guztiok. Gaua, berriz, luzea izan zen; jokalariek eta klubeko kideok elkarrekin ospatu genuen lorpena.
Datuek erakusten dute beste taldeen gainetik egon dela Vitoria denboraldi osoan. Zer balorazio egiten duzu urteaz?
Uste dut denboraldia ona izaten ari dela. Gure helburuetako bat bazen mailaz igotzea, eta lortu dugu. Hala ere, gure xede nagusia jokalari bakoitza ahalik eta gehien hobetzea da. Hori da nire helburua entrenatzaile bezala, jokalariei bidean ahalik eta gehien laguntzea. Ikusten ari naizena eta jokalari bakoitza erakusten ari dena da benetako garaipena. Ausartzen naiz esatera talde barruan talentu handia dagoela. Ez soilik teknikoki edo fisikoki; jokalari asko daude ikasteko gogoarekin eta gaitasunekin. Ematen ari diren pausoekin, uste dut oso gertu daudela mundu profesionaletik.
Eibarren harrobiko taldea da Vitoria. Erraz uztartzen al da halako talde batean lehiakortasuna eta harrobiko lana?
Denboraldi hasieran jarri genituen helburuak, eta bagenekien klubarentzako mailaz igotzea garrantzitsua zela, horrek esan nahi baitu maila handiagoko aurkariekin lehiatuko garela aurrerantzean. Hala ere, argi genekien ezin genuela guretzat oinarrizkoa den ikuspuntua aldatu. Niretzako, entrenatzaile bezala, jokalariak dira garrantzitsuenak. Horiek ezagutu behar ditugu. Denboraldia hastean beti esaten dut elkar ezagutu behar dugula ahalik eta azkarren, bakoitzaren alde positiboak eta negatiboak zein diren jakiteko. Maila honetan, akatsak tarte gehiago dauka. Hau da, ez dugu hainbeste begiratzen gaizki egindakoa, eta arreta gehiago jartzen dugu hobe daitekeenean. Epe motzera horrek partidako emaitzan eragin dezakeen arren, saiatzen gara jokalariak errendimendu optimora hel daitezen lan egiten.
Hiru denboraldi bete dituzu Vitorian, hiruretan taldea onenen artean sartuz: iaz bigarren egin eta play-offetan kaleratu zineten, eta duela bi denboraldi seigarren itxi zenuten urtea. Zerk eraman zaituzte azken bi urteetan lortu ezin izan zenutena orain lortzera?
Prozesu bat izan dela esatea litzake errazena, baina esango nuke jokalariak taldean mantendu izanak ere baduela eragina; izan ere, ni taldera iritsi nintzenetik mantentzen diren jokalari asko daude klubean, eta hainbeste lan ordu, partida eta bizipen elkarbanatu izanak elkar gehiago ezagutzen laguntzen du. Nire funtzioa da ahalik eta ondoen laguntzea jokalariei ahal duten onenak izatera hel daitezen. Horretarako ezinbestekoa da jokalariek elkarrekin espazioa eta denbora elkarbanatzea, elkar ezagutzeko. Ezagutza horrek fruituak ematen ditu, eta esango nuke hori ere badela hiru urte hauetan lortutakoaren arrazoietako bat.
"Jokalariei bidean ahalik eta gehien laguntzea da nire helburua"
2016an iritsi zinen Eibarren harrobiko taldeetan lan egitera. Kadete mailan ekin zenion bideari, ondoren Gazte mailan aritu zinen eta gero Vitoria taldera igaro zinen. Behetik gorako bidean zoaz. Nola doa zure entrenatzaile ibilbidea?
Entrenatzaile ibilbidean ia dena eman dit Eibarrek. Urtez urte sentitu dut argi neukala zein zen nire funtzioa entrenatzaile gisa. Lehen unetik sentitu naiz baloratuta. Beti eman izan didate ahotsa askotariko gaietan nire iritzia emateko, bai metodologia arloan, bai koordinazio kontuetan edota jokalarien plantillak osatzerakoan. Ez dut inoiz eduki egon naizen lekutik beste nonbaitera mugitzeko beharra; sentitu dut hori zela nahi nuena. Orain ere horrela nago: benetan baloratuta sentitzen naiz, eta horregatik nago hainbeste urtetan hain gustura.
Futbola aspaldidanik dago zure bizitzan, aurrez futbol jokalaria izan baitzinen. Jokin jokalaria eta Jokin entrenatzailea zertan dira berdinak eta zertan desberdinak?
Beti pentsatu izan dut jokalari izatea bezalakorik ez dagoela. Entrenatzaile izatea asko gustatzen zait, baina jokalaria da zelaian erabakitzen duena, ekintzetan parte hartzen duena. Jokalaria nintzenean, futbolari izatearen bi gauza txar nituen identifikatuta. Alde batetik, ez duzu zuk erabakitzen partidak jokatzen dituzun edo ez. Bestetik, lesioak daude, eta horiek ere zure gainetik erabakitzen dute. Entrenatzaileak erabakitzen zuela barneratu nuenean hasi nintzen egunerokoaz gozatzen. Askotan gehiegi pentsatzen dugu besteek gugan pentsatzen dutenaz, eta saiatzen gara maitatuak izaten. Jokalariak bere buruarekin pentsatzen du, eta bere partetik asko jarri ondoren entrenatzaileak jokatzeko aukerarik ez ematea gogorra da futbolariarentzat. Orain, entrenatzaile izanik, lehen jabetzen ez nintzen hainbat gauzaz ohartzen naiz. Entrenatzaile bezala, gogorra da erabakiak hartzea, jakinekoa baita futbolariei zuzenean eragiten dietela. Baina argi daukat hori dela nire funtzioa.
Datorren urtean Espainiako Bigarren RFEF Mailan jokatuko duzue. Besteak beste, zeu jokalari izan zinen taldeen aurka jokatuko duzue, hala nola Barakaldo, Gernika eta Arenas taldeen kontra. Zer iradokitzen dizu maila horrek; jauzia handia izango al da?
Talde horien izenak entzunda, oroitzapen onak etortzen zaizkit burura. Hala ere, ez dut horretan pentsatu oraindik; denboraldi honetan dago gure burua. Lortu dugu lehen helburua, baina ez dugu ahaztu behar garrantzitsuena: jokalarien maila. Posible da beharra edukitzea Eibarko lehen taldean, eta jokalariek prest egon behar dute hara igotzeko.
Lehen ere aipatu dut behetik gorako bidean zoazela, Eibar bera ere bai klub bezala, ezta?
Sartu nintzenetik orain arte eboluzio handia ikusten da klubean. Azpiegiturak eta erremintak kalitate handiagokoak dira orain. Proiektu handi bat ere badator, Eibar Hiria. Horrek dena zentralizatuko du. Hori bai izango dela proiektu garrantzitsua Eibarren bueltan gauden kide guztiontzat. Onurak ekarriko ditu, ziur.
Eliteko edo goi mailako futbola gero eta gertuago duzu. Bada zure ametsa goi mailan entrenatzea?
Formazio eta errendimendu handiko mailan nagoela sentitzen dut. Oso gustura nago, eta errealizatuta sentitzen naiz; oso baloratuta sentitzen naiz entrenatzaile gisa. Ez daukat barrutik mugiarazten nauen beste erronkarik. Bide honetatik jarraitu nahiko nuke.