ELAk salatu du Sidenorrek ez diela enpresaren egoera ekonomikoari buruzko txostenik helarazi

Ane Olaizola 2024ko mar. 25a, 14:47

Negoziazio komisioak bigarren bilera izan du Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea abiarazi zuenetik, eta ELAk salatu du enpresaren erabakia ez dela "proportzionala", baina bai langileentzat "dramatikoa". 

Sidenor enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko duela jakinarazi osteko bigarren bilera egin du negoziazio komisioak gaur, astelehena, Bilbon, eta ELA sindikatuak salatu du zuzendaritzak ez diela enpresaren egoera ekonomikoari, bezeroen zerrendari eta proposatuko diren neurri osagarriei buruzko dokumentazioak helalarazi, sindikatuak eskatu arren. "Zuzendaritzak argudiatu du enpresak izan ditzakeen irabaziak ez direla garrantzitsuak negoziazio honetan, eta ELAk uste du horiek ezinbestekoak direla arrazoiak argudiatzeko".

ELAk azaldu du altzairu industria taldeak 25 milioi euroko irabaziak metatu dituela auditatutako azken kontuetan. Hori hala, sindikatuak salatu du lan erregulazio espedientea ez dela "proportzionala", eta langileentzako erabaki "dramatikoa" dela azpimarratu du. 

"Azken urteotan enpresaren salmentak handitu dira, eta Sidenorrek beste lurralde batzuetan dituen lantegietako lan kargak asko handitu dira, Azkoitian lana ezabatuz". Ildo horretan, enpresak "beldurraren politika" ezarri nahi duela esan du sindikatuak, eta gaineratu du "CCOO, UGT eta USO sindikatuek osatutako gehiengo sindikal otzana" sortu nahi duela zuzendaritzak, Azkoitian duen gehiengo sindikala "ezabatzeko" —ELAk du gehiengoa Azkoitian—. Bihar izango da alde bien hirugarren bilera, eta ELAk aurreratu du "langileen interesen alde lanean" jarraituko duela. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide