Azpeitiko Matazak ibilbidea memoria ariketa baten emaitza da, emakumeen memoria kolektiboa jasotzen eta zabaltzen duen ariketa. Lan kolektiboa da Matazak; izan ere, 2021ean herriko hainbat emakume elkartu ziren aurrenekoz, herriko emakumeek maila kolektiboan nahiz norbanako gisa egindako lanez, jardunez, istorioez eta kontuez aritzeko. Bilera haien emaitza izan zen herriko hogei bat emakume elkarrizketatzea, eta juntadizo horietan jasotako, bildutako eta kontrastatuko informazioen ondoren hartu zuen itxura Matazak proiektuak.
Jone De la Cruz Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak eman ditu Matazak ibilbideari buruzko azalpenak. Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Gipuzkoako komunikabideen artean osatutako Ate ondokoak saiorako egindako erreportajea da honako hau.