23. Korrika

Korrika Txikiak herriko kaleak zeharkatu ditu

Iraia Oteiza 2024ko mar. 19a, 17:04

16:00etan abiatu dira lehen ikasleak Aizkibel kaletik, eta lekukoa eskurik esku ibili dute ibilbidea egiteko behar izan duten hogei bat minutuan. Bihar, asteazkena, 23. Korrika iritsiko da Azkoitira, eta han helduek zein gazteek izango dute euskararen alde korrika egiteko aukera.

23. Korrika Azkoitira iritsi bezperan, Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko ehunka ikasle kalera atera dira gaur, asteartea, Korrika Txikia egitera. 16:00etan abiatu dira lehen ikasleak Aizkibel kaleko aldapan behera, eliz atarira, eta segidan, Plazaberri eta Balda plaza zeharkatu dituzte; handik Klara Donea kalera zuzendu dira, eta Auzmendi Bidea oso-osorik gurutzatu ondoren, ibilbidea amaitu dute parte hartzaileek. Korrikaren mezua zeraman lekukoa eskuz-esku eraman dute eskola guztietako kideek.

Ikastola atzeko biribilgunean eman diote amaiera Korrika Txikiari Biziloreko ikasleek, eta beraien ikastetxeetaraino joan dira Xabier Munibe Ikastolako nahiz Floreaga Ikastetxeko ikasleak. Korrika Txikiko mezua, berriz, eskola bakoitzean irakurri dute ekitaldiari amaiera emateko.

Korrika Txikia amaitu ostean, Mugi Zaitez disko festari eman diote hasiera plazan.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide