Asteazken goizaldean (05:30 aldera) helduko da Azkoitira joan den ostiralean Irunen abiatu zen 23. Korrika, euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Horren atarian, Korrika Txikiak hartuko ditu herriko kaleak bihar arratsaldean, ikastetxeetako ikasleen eskutik.
16:00etan hasiko da Korrika Txikia ikastetxeetatik, eta Plazaberri zeharkatu ondoren, Balda plazara joango dira, eta handik Errebalean barrena, berriz eskoletara itzuliko dira. Ondoren, gainera, Mugi Zaitez disko festa izango da plazan, 17:00etan.
23. Korrika bestalde, eguna argitzerako iritsiko da herrira, eta azkoitiarrek azpeitiarren eskutik jasoko dute haren lekukoa. Hain zuzen, Txerloian, Txikigolf parean, Azkoitiko Udalak hartuko du lekukoa, eta Ana Azkoitia alkateak ez ezik, alderdi guztietako ordezkariek txandaka eramango dute. Handik, Julio Urkixo etorbidera sartuko dira herritarrak, ondoren Plazaberritik barrena Kale Nagusia zeharkatzeko. Altzibarrera iritsitakoan, Zumarragarako bidea hartuko dute, eta handik Elosura joko dute. Korrika igarotakoan, berriz, txokolatada izango da plazan, AEKren eskutik.
Korrika Kulturalaren barruan, bestalde, Iñaki Iurrebasok hitzaldia eskainiko du ostegunean, Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? izenpean. Elkarguneko Zeharkako gelan izango da solasaldia, 18:30ean hasita.