Goiz berezia izan da eskualdeko musika eskoletako piano jotzaile gazteentzat, Elkarguneko Herriko plaza aretoan elkartu baitira Azkoitiko Bizkargi, Azpeitiko Juan de Antxieta eta Zestoako Ertxin musika eskoletako 31 ikasle, eskoletan ikasitako obrak jendaurrean jotzeko. 12:00etan hasi da Pianoaz gozatzen topaketaren emanaldia, eta jende ugari bildu da aretoan, musikaz gozatzeko eta eguerdia alaitzeko asmoz.
Piano Topaketa ikasleen adinaren arabera mailakatu duten arren, –11 urte artekoak A mailan, 11 eta 14 urte bitartekoak B mailan, eta 14tik gorakoak C mailan– guztiak batera aritu dira Elkargunean, ordean alfabetikoan atera baitira ikasleak oholtzara.
Orain dela urte gutxira arte iraun duen Andoaingo piano jaialdiak utzitako hutsuneaz betetzeko asmoz antolatu ditu EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak piano topaketak zortzi herritan.