Isats-pianoari ukitu gaztea emanez

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 24a, 18:30

Zarauzko I. Piano Topaketa antolatu dute EHMEk eta Imanol Urbieta udal musika eskolak, eta gaur arratsaldean 67 ikasle aritu dira pieza laburrak jotzen, Modelon.

Orain dela urte gutxira arte iraun duen Andoaingo piano jaialdiak utzitako hutsuneaz jakitun, EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egitasmoa berreskuratzeko ahalegina egin du, eta piano topaketak antolatu ditu zortzi herritan. Gaur arratsaldean, 16:00ean hasita, Zarauzko Modelo aretoan egin dute topaketetako bat, eta Imanol Urbieta musika eskolako zuzendari Marina Lertxundi eta piano irakasle Laura Bilbao arduratu dira xehetasun guztiez.

Zarauzko, Orioko eta Lekeitioko piano ikasleak aritu dira ikasitakoa aretoko oholtza gainean ezarri duten isats-pianoan maisutasun handiz jotzen. Bakarka aritu dira batzuk eta lau eskutara besteak, pieza laburrak joz, bertaratu diren entzuleen gozamenerako.

Guztira, 67 pianista gazteek eskaini dute emanaldia, topaketarako espresuki kaleratutako zapia lepoan jantzita. Gainera, ikasleen adinaren arabera mailakatu dute emanaldia: 11 urte artekoak A mailan; 11 eta 14 urte bitartekoak B mailan; eta 14tik gorakoak C mailan. Laster, azken mailakoak hasiko dira beraien saioarekin. Topaketa amaieran parte hartzaile denei diploma bana emango diete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide