A30 greba feminista orokorra

Zaintza eredua eraldatzeko grebara deitu dute Urola Kostako eragile feministek

Jabi Gonzalez Toston - Urtzi Oteiza 2023ko aza. 19a, 16:00

Azaroaren 30eko protestara deitzeko ekitaldi bateratua egin dute Zumaiako Kofradian eta zaintza lanak izan dituzte hizpide nagusi. Hamarnaka lagun elkartu dira protestari atxikimendua adierazteko.

Urola Kostako hainbat herritako bizilagunek azaroaren 30eko greba feminista orokorrera deitzeko ekitaldia egin dute Zumaiako Kofradian gaur eguerdian. Eguraldia lagun, zenbaitek oinez edo bizikletaz egin dute Zumiara arteko bidea, gainera. Hamarnaka izan dira azkenerako Kofradian elkartu direnak.

Protestaren helburua zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzea denez, egungo zaintza eredua izan dute hizpide nagusi ekitaldi osoan. Uxue Alkorta eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolari zarauztarrek eman diote hasiera, hainbat emakumeren testigantzak irakurri dituzte ondoren eta adierazpen irakurketarekin eta talde argazkiarekin itxi dute grebarako deia.

Ekitaldia amaitutakoan, jarraipena eman diote topaketari; izan ere, eztarria bustitzeko edariak nahiz tripa betetzeko pintxoak eskaini dituzte Kofradian bertan. Horrez gain, Akaleia musikari zumaiarrak orduerdi inguruko kontzertu akustikoa eman du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide