Urola Erdiko Itaiak azaroaren 30eko grebara begira bigarren asanblada irekia egingo du bihar, ostirala. Azkoitiko Elkargunean elkartuko dira 19:00etan, hilaren 30era begirako antolaketarekin jarraitzeko. Joan zen urriaren 27an egin zuten lehen batzar irekia, eta bihar egingo dute bigarrena.
Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean mobilizatuko da Itaia azaroaren 30ean. Zaintza arloari dagokionez, besteak beste, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela azaldu du Itaiak. Halaber, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu du emakumeen antolakunde sozialistak. Hori dela eta, beste hainbat protestarekin batera, elkarretaratzea egin zuen atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Zilarrezko Ekonomiaren Foro Internazionalaren hasiera ekitaldian.