Azaroaren 30ean greba feminista orokorra deitu dute hainbat eragilek, zaintzaren afera erdigunera ekartzeko asmoz. Itaiak Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean "mobilazioetan parte hartzeko deia egin" du eta asanblada irekia egingo dute ostiralean, hilaren 27an, 18:00etan Elkargunean.
"Egunetik egunera emakume langileon bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", azaldu dute Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Halaber, Itaiaren esanetan "sistema kapitalistan zaintza sektorea etekin ekonomikoak lortzeko merkatu bat gehiago" da, eta hori "argi" ikus daiteke erresidentzien pribatizazioan, langileen azpikontratazioetan eta abar.
Horrez gainera, “enpresariek gero eta inpunitate gehiago" dutela eta "instituzioek proposatzen dituzten politikak gezur hutsa" direla diote. Horri lotuta, aipatu dute "egiten dituzten lege proposamenekin emakume langileon bizi baldintzak aldatuko direla sinistarazi nahi" digutela, "gizarte kapitalistan ezinbestekoa denean emakume langilea bigarren mailako subjektu izatea".
Guzti honen aurrean, nabarmendu nahi dute "beharrezkoa dela guztiok lan eta bizi baldintza berdinak izateko antolatzea": "Horretarako beharrezkoa da lan banaketa sexualarekin amaitzea, zaintza lanen sozializazioa gauzatzea, eta guztiontzako soldata berdinak aldarrikatzea".