Azkoitiarren doinuak

Tibalt Alberdiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 10:45

Tibalt Alberdi. (Utzitakoa)

Tibalt Alberdi musikaria da, eta hura da Azkoitiarren doinuak serieko 23. protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Amaren negarra (Su Ta Gar): "Su Ta Gar nire talde gogokoena izanik, nahitaez beraien kanta batekin hasi nahi dut. Esan beharra dut, ordea, kanta bat aukeratzea oso-oso zaila egin zaidala. Halere, Jo ta ke edo Mari klasikoak ez aipatzearren aukeratu dut Amaren negarra; izan ere oso ondo batzen ditu Su Ta Garren esentzia, riff zorrotzak, arpegio politak, ahots harmonizatuak eta behatzak hausteko moduko solotzarra. Gainera, 80ko eta 90eko hamarkadetan heroinak sortu zuen arazoari buruz hitz egiten du, hori sufritu zuten pertsonen amen azalean jarrita".
 

  • Ez dut nahi (Berri Txarrak): "Euskal taldeen artean Berri Txarrak nire kuttunenetakoa denez, hemen ere asko pentsatu behar izan dut zein abesti aukeratu. Azkenean, Ez dut nahi kanta izan da aukeratua bi arrazoirengatik: batetik, jotzeko oso dibertigarria delako, eta bestetik, nostalgia puntu bat dariolako. Era berean, momentu txarretan lagundu izan didan kanta bat da. Amaierako ta nik ez dut nahi egon harmonizatu horiek asko gustatzen zaizkit. Soloa dauka BTXen kanta gehienek ez bezala, eta nola ez, Gorka Urbizuren akorde aukeraketa politak dira aipatuko nituzkeen beste arrazoi batzuk".

  • Ezin gelditu (Kuraia): "Kanta hau gitarrarekin hasi nintzenean erakutsi zidan nire irakasleak eta pisu kideak, baina bertsio akustiko batera moldatua. Ordutik nire kanta kuttunetako bat da Kuraiaren Ezin gelditu. Gerora, bertsio originala ikasi eta asko gozatu dut kanta jotzen. Ikaragarri zuzena da, eta hasierako arpegio akorde hibrido hori oso ederra iruditzen zait. Eta horren guztiaren gainetik, soloa; ez da konplikatua, baina jotzeko oso dibertigarria da eta beti pila bat gozatzen dut".

  • Garaien laberintoan (EH Sukarra): "Kanta honen hasierako harmoniak asko betetzen nau, giro oso ona transmititzen du kanta osoan zehar. Musika boladaka entzuten duen pertsona bat naiz, eta EH Sukarraren boladak ematen didanean, beti izan ohi da lehena entzuten dudan kanta. Amaieran daukan piano soloa berriz izugarria da".

  • Topeka (Diabolo Kiwi): "Talde hau ezagutu orduko katigatu nintzen beraien musikara, eta bereziki, kanta hau da gehien gustatzen zaidana. Konposizio landua, musikari itzelak eta ai, ahots hori. Zerrenda egiterako momentuan denbora asko neraman entzun gabe; izan ere, Leire Iribarne abeslariaren heriotza tristearen ostean ez nuen indarrik aurkitzen beraien musika entzuteko. Hainbeste denbora eta gero, bat izan da kanta entzutea eta hunkitzea. Bereziki errepikan transmititzen duen itxaropen horrekin, eta ai, ahots horrekin... Bikaina, benetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide