Buru eritasunak

"Gau batean, egarriz esnatu eta gizendu egingo ninduelakoan, ez nuen ur tantarik edan"

Mireia Galarza Bastida 2023ko urt. 13a, 11:00

Eritasun mentalekin lotuta, Mireia Galarza Bastida kazetariak jasotako Azpeitiko emakume baten testigantza anonimoa da honakoa.

"16 urterekin hasi nintzen pixkanaka pisua galtzen, 2014. urteko urtarrilean edo. Gabonetan ohikoa baino gehiago jan nuen, behar baino pisu gehiagorekin sentitzen nintzen, eta nire buruarekin deseroso. Uda garairako itxura ona izan nahi nuen, eta apurka-apurka pisua galtzeko helburua jarri nion nire buruari. Hori lortzeko, egunero bazkaldu eta afaldu bakarrik egiten nuen, eta murriztu egin nuen otordu horietako elikagai kopurua. Ogia eta litxarkeriak jateari utzi nion, eta epe motzera hasi nintzen nabaritzen gutxiago pisatzen nuela. Helburuak lortzen ari nintzen eta gustora nengoen horregatik, baina nire buruarekin gaizki sentitzen jarraitzen nuen. Zigorra zen jatea niretzat, esnatu eta lo hartu arte jatekoarekin pentsatzen bainuen: zer jango dut gaur, zenbat kaloria ditu honek, nola engainatu etxekoak gutxiago jateko...

Apiril inguruan esan zidaten amak eta lagun batek hainbeste pisu galtzea ez zela osasuntsua, eta zerbait egin behar genuela. Ez nuen ezezkorik esan, nire ustez ez bainintzen ezer gaizki egiten ari. Orduan joan nintzen familia medikuarengana, eta hark psikologoarengana bideratu ninduen. Hasieran, nire helburuekin jarraitu nuen. Pentsa, gau batean, egarriz esnatu, eta gizendu egingo nintzelakoan, ur tantarik ez nuela edan gogoratzen naiz. Argaltzen jarraitu nuen, hilekoa ez jaisten hasi zitzaidan, eta psikologoari gauzak nire modura kontatzen saiatzen banintzen ere, bide horretatik jarraituta ospitalean ingresatuta amaituko nuela esan zidan egun batean. Ez zen momentuko klik bat izan, baina iruzkin horrek gerora nire gorputza ulertzeko modua aldatu zidan. Zaila izan zen prozesua, nik ezinezkotzat jotzen bainuen gehiago jateko gai izatea. Momentu haietan faltan sumatu nuen zulo beltz berean egondako norbaiten sendatze prozesuaren berri izatea.

Pisua irabazten hasi nintzen gero. Hobekuntzak ikusita, Batxilergoko bigarren mailaren amaieran alta eman zidan psikologoak, eta uda aparta pasa nuen. Egia esan, asko lagundu zidan une oro jendez inguratuta egoteak, nire burua beste gauza batzuekin entretenitzen zelako, eta ez elikagaiekin. Handik bi urte ingurura, baina, berriro iritsi zen elikagai nahasmenduen mamua nigana, beste forma batekin, ordea: bulimia. Jaten nuen guztia goitik behera kontrolatzetik jaten nuena ezin kontrolatzera pasatu nintzen. Goizean unibertsitatera joaten nintzen, eta arratsaldean bakarrik egoten nintzen etxean. Orduan etortzen zitzaidan jateko behar hori. Gailetak, txokolatea, opilak, gozokiak... Osasuntsuak ez ziren elikagaiak jateko beharra sentitzen nuen, eta gero etortzen zen kumunera buelta. Izan ere, kezka bera nuen berriro: ez gizentzea. Medikuarengana joan nintzen orduan, amari komentatu ondoren. Hark, berriro, psikologoarengana eta psikiatrarengana bideratu ninduen.

Pandemia etorri zen handik gutxira, eta paradoxikoki, baina egoerak bulimiarekin lagundu egin zidan niri. Etxean jendea egoten zen, ezin nuen ezer ezkutatu, eta etxekoen aurrean ere ez nuen gauza gehiegi kontatzerik nahi. Egia esateko, nahikoa isilik eraman dut gaixotasuna. Etxean, ama izan dut gainean, baina etxeko beste kideekin apenas hitz egin dut gai horri buruz. Gainontzeko familiakideekin ere ez dut zuzenean hitz egin horren inguruan. Izan ere, arduratzen ninduena zera zen: beraiek gertatzen zitzaidanari buruzko zerbait baldin bazekiten, adi egongo zirela beti, eta nik oharkabean pasatu nahi nuen.

Gaur egun ere hortxe dago gorputzaren inguruko kezka, eta ez dut uste inoiz joango denik. Izan ere, eragin handia dute emakumeoi fisikoari lotuta ezartzen zaizkigun estandarrek. Badirudi fisiko ona eduki behar duzula gizartean onartuta sentitzeko". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide