Indartsu itzuli dira sanandresak azkoitira. San Andres egunez, festa giroa izan da nagusi herrian, eta hiru urteko etenari gogo handiz erantzun diete herritarrek. Goizean goizetik hasi da festa usaina nabaritzen Azkoitiko kaleetan, eta bezperako parrandak eragindako ajeak ez du herritarren grina apaldu. Asko izan dira soinean baserritar arropak jantzita festan murgildu diren azkoitiarrak .
Txurdi Urdin elkarteak antolatzen duen marrazki lehiaketak iraun bitartean, txorizo usaina eta trikiti hotsa nagusitu dira Azkoitiko kaleetan. 700 inguru lagunek parte hartu dute lehiaketan, eta honako hauek izan dira irabazleak: A kategorian, Jare Casas, Aner Caballero eta Cristopher Araya nagusitu dira; B kategorian, Enara Osinalde, Ariana Ayala eta Oihane Calderon; eta C kategorian, Karla Alberdi, Abdul Manan eta Amets Carrera. Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, saritu guztiak ez dira agertu oroigarrien bila.
San Andres egunetan egin ohi duten gisan, herri kirol ikuskizuna izan da plazan, eta goi mailako aizkolariek zein harri jasotzaileek erakustaldia eskaini dute, han elkartutako dozenaka herritarren begiradapean. Herrikirolzaleek Hitzordua aprobetxatu nahi izan dute urte luzez Azkoitiko Udaleko Kultur tekikari izandako Jexux Arrizabalaga Tatari aitortza egiteko. Herritarren txalo zaparrada artean jaso du oroigarria Arrizabalagak, Juan Jose Unanue Goenatxo II.aren eskutik. Jarraian, Goenatxotarrek egindako bertso bat ere eskaini diote Arrizabalagari.
Eguraldiak lagundu du, eta eguerdi partean jendez leporaino bete da herriko plaza. Ohitura den gisan, jan-edanerako aprobetxatu dute bertan bildu diren herritarrek. Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Presoen Lagunak postuetako talogileak jo eta su aritu dira taloak eta bestelako pintxoak prestatzen, eta jende ugari hurbildu da haiek dastatzera. Sanandresetako azoka ere egin dute, eta askotariko jaien eta produktuen postuak jarri dituzte kale nagusian.
Arratsaldean jarraitu du festak, eta pilota izan da protagonista; Izan ere, Oteiza pilota elkarteak antolatuta, Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean. Guztira, bost final jokatu dituzte udaletxe azpiko pilotalekuan, benjamin mailatik nagusien mailara arte. Azkoitiarrek pilotazaleen hitzorduarekin agurtu dituzte 2022ko sanandresak, hurrengo urtekoak esku zabalik hartzeko prest.