San Andres eguna da gaur, azaroak 30, Azkoitian. Azken egunetan festa giroa izan da nagusi herrian, eta hiru urteko etenari gogo handiagoarekin erantzun diete herritarrek. Goizean goizetik hasita jai usaina nabaritu da herrian, eta atzo iluntzeko festak eragindako ajeak ere ez du herritarren festarako beta apaldu.
Txurdi Urdin elkarteak antolatzen duen marrazki lehiaketak arrakasta izan du beste behin, eta antolatzaileak 09:00etan hasi dira materiala banatzen Jausoroko laugarren eraikinean duten elkartean. Haurrak eta gaztetxoak izan dira gaur goiztiarrenak, eta goizean barrena dozenaka txokotan aritu dira arkatzak eta margoak astinduz beren marrazkiak egiten. Bitartean, plazan ere txorizo usaina eta trikiti hotsa nagusitu da. Izan ere, trikitilariek kalejira egin dute herriko kaleetan zehar.
Eguerdi partean leporaino bete da plaza, eta jan-edanerako aprobetxatu dute bertan bildu diren herritarrek. Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Presoen Lagunak postuetako talogileak jo eta su aritu dira txorizo taloak eta bestelako pintxoak zein bokatak prestatzeko lanetan, eta une batzuetan ia-ia lekurik ere ez da egon janaria eskatzeko. Horrez gain, ohi bezala herri kirol ikuskizuna izan da plazan, eta goi mailako aizkolariek zein harri jasotzaileek eskaini dute erakustaldia: aizkoran, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra aritu dira; harri jasotzen, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak, Udane Ostolaza oriotarrak, Xabier Aranburu Guzta Azpeitiko bizilagunak eta Karmele Gisasolak parte hartu dute.
Arratsaldean, pilota
Arratsaldean jarraituko du festak. Izan ere, Oteiza pilota elkarteak antolatuta XLVIII. Kontzejupeko Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean, 17:00etan. Guztira, bost final jokatuko dituzte udaletxe azpiko pilotalekuan, benjamin mailatik nagusien mailara arte. Benjaminen eskuz binakako finalean, Oihan Mendizabal eta Aimar Iturralde arituko dira batetik, eta bestetik, Jurgi Subinas eta Aitzol Garate. Alebinen mailako eskuz binakako finala, ostera, Ekain Juaristik eta Jurgen Aizpuruak, eta Aiur Alkortak eta Jurgi Alkortak jokatuko dute. Infantilen mailako finalean, berriz, Oier Juaristik eta Urtzi Segurolak, eta Mikel Alberdik eta Julen Etxanizek jokatuko dute. Kadete mailako finala buruz burukoa izango da, eta Jon Arregi eta Denis Galarza izango dira protagonistak. Jubenilen eta nagusien arteko finala izango da txapelketako azkena, eta han Jon Oteiza eta Imanol Lasa arituko dira alde batean, eta Alex Juaristi eta Inhar Egaña bestean.