Atzoko festa egun handiaren ostean, azkoitiarrak Andremari eguna ospatzen ari dira goizean goizetik. Egunari ekiteko 09:30ean Eltziegoko dultzaineroen kalejira izan da, eta ondoren Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak kalejira egin dute herriko kaleetan barrena. Horren aurretik, ordea, usadioak agindu bezala, Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari elkarteak Alkate soinua eskaini diote Javier Zubizarreta alkateari bere etxe aurrean, Andramari egunari hasiera emateko. Alkateak bere emazte Mari Axun Mendizabalekin batera hartu ditu musikariak, eta haiek lora sorta bat eman diete oroigarri gisa.
Usadioak usadio, 10:50ean udal ordezkariak korporazioan joan dira parrokiara, musika bandak eta Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinuaren doinupean. 11:00etan hasi da meza nagusia, eta jende ugari bertaratu da parrokiara. Besteak beste, gogoan izan dituzte falta diren herritarrak, baita herriko sinboloak eta festak ere, Azkoitiko banderari erreferentzia eginez. Hainbat kanta abestuko dituzte elizkizunak iraun duen bitartean: Miguel Mari Azpiazuren Pakea Lurrean eta Agur Maria; Aita Nemesio Otañoren O Sacrum convivium; eta F. Gorritiren Agur Jesusen Ama. Jose Luis Frantsesena aritu da organoan, eta Carlos Muñoz izan da zuzendari. Meza amaitzean, udal ordezkariak korporazioan itzuli dira plazara, eta beste pare bat pieza eskaini dizkiete herriko bandako musikariek.
13:00etan, Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua izan da Kontzejupean, eta dozenaka herritar bertaratu da emanaldiaz gozatzera. Gaurko hitzordua berezia izan da; izan ere, egindako lanaren aitortza gisa, oroigarria eman diote erretiroa hartzear den Jexux Arrizabalaga Tatari. Oroigarria jasotzean, hunkituta agertu da urte luzez kultura teknikari izan den Arrizabalaga, eta esker onez hartu du herritarren txalo zaparrada.
Ordubete inguruko emanaldia eskaini dute Udal Musika Bandako eta Txalkor txisturali elkarteko kideek gaurkoan, eta guztira zortzi pieza jo diruzte: Cielo Andaluz, En un mercado persa, Kontrapasa, Lapurtar motxa-Luzaideko dantza, Betelu-Lapurdiko fandangoa, Bosgarren sinfonia (IV Finale), Perfect eta African Symphony.
(Argazkiak: Maialen Etxaniz eta Azkoitiko Udala)
Arratsaldean jarraituko dute ekintzek Azkoitian. Hona hemen Andremari egunerako antolatu dituzten ekintzak:
17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Masters Caixabank Txapelketa.
- Alberdi-Eskiroz vs Egiguren V.a-Bikuña
- Laso-Martija vs Altuna III.a-Imaz.
17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
18:30. Freestyle Street Show kale ikuskizuna, Balda plazan.
19:30. The McKensy's Clan Band kale ikuskizuna.
20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, eliza atarian.
20:00. Eltziegoko dultzaineroen kalejira.
22:00. Film Laburren X. Lehiaketako lanen aurkezpena eta sari banaketa. Aurtengo gaia: Gezurra. Herriko plazan.
23:45. Egan taldearekin dantzaldia, herriko plazan.