Azkoitiarren doinuak

Kari Alberdiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko abu. 24a, 17:00

Kari Alberdi.

Kari Alberdi kimikaria da Azkoitiarren doinuak serieko hemezortzigarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Iraila (Berri Txarrak): "Nola igarri orduan iragan hau guztia betiko izango genuela aurretik. Urtarrila bada ere urteari hasiera ematen dion hilabetea, askorentzat iraila izan ohi da liburu berriaren lehen kapitulua. Zerrenda honi hasiera ematen dion kanta ere bada nire kasuan. Nahiz eta liburu batetik bestera edo ikasturte batetik bestera hutsetik hasten garenaren ustea mito hutsa izan, betiere ongi datorkigu kapituluak ixten joan eta liburu zaharrak erretzea aukera berriei atea irekitzeko".

  • Elektrizitatea (Zea Mays): "Ni neu ere energia banaiz lurrean betirako idatzirik geldituko naiz. Indar mota ugari ezagutzen dira: grabitate indarra, marruskadura indarra, indar magnetikoa… eta Aiora Renteriaren ahotsaren indarra. Bera energia balitz lurrean betirako idatzirik geldituko dela dio kantak. Energia dela ezin da uka eta lurrean idatzirik gelditzearena ezin dugu oraindik frogatu baina abesti hau askoren garunetan (eta bihotzetan) horrela gelditu zaigula argi xamar dago".

  • Lorerik gabe (Ibil Bedi): "Ez dadila izan inor etxean zu beste. Musikaren alderdi ederrenetako bat kantak gure bizipenetara ekartzea izan ohi da, nahi edo behar ditugun interpretazioak emanez. Agian ez ziren hauek izan talde nafarraren asmoak esaldiak idaztean baina bai nire ideiak lehendabizi hitzak entzun nituenean: Gainontzekoak gure izatearen zutabe edo oinarri bihurtzeak gure izana husten du, gure barruan denbora gehien igaro behar duena geu izanik".

  • 90 (Merina Gris): "Zer gera pantailak itzalita? Laurogeita hamargarren hamarkadan jaio ginen gaztehelduen ereserki lanak egiten ditu honakoak. Pantailenganako dependentzia, nostalgia kronikoa, noraeza, haurtzaro eta nerabezaroari agurra… gai korapilatsu gehiegi esaldi gutxi eta batez ere argitan. Lehen aldiz entzutean hankak astindu ohi ditu baina bigarrengoan barrenak".

  • Mailu honen zarata (J Martina): "Entzuten al duzu kolpeka mailua? Ezin da gelditu haren mugimendua. Zarata handia ateratzen dabil azken aldian Larrabetzuko eta Barañaingo taldearen mailua. Munduarekiko duten ikuskeratik abiatuta abestu ohi dutela diote, kantak artearen esferatik errealitatearen aurrean kokatzeko. Zimentu zaharren ustelketa eta erorketari melodiak jarriz, elkarri eskua helduz antolatzeko aldarri egiten dute honakoan. Denon eskua izan bedi mailua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide