Oier Etxeberria, Lorea Zuriarrain eta Alfonso Grae irabazle, duatloi herrikoian eta egokitutako duatloian

Andoni Elduaien 2022ko api. 30a, 15:08

Juan Antonio Vallek eta Igor Aranbarrik osatu dute gizonezkoen podiuma, eta Aitana Amondarainek eta Mari Carmen Seijasek emakumezkoena. Egokitutako duatloian, berriz, Joseba Azkarate eta Marea Urdinako itsu taldea sailkatu dira bigarren eta hirugarren.

Haurren, gaztetxoen eta Marea Urdinako kideen goizeko lasterketak jokatu ondoren, Azkoitiko supersprint duatloi herrikoia eta egokitutako duatloia jokatu dituzte eguerdian herriko kaleetan zehar. Oier Etxeberria azpeitiarra izan da gizonezkoen mailan azkarrena, Lorea Zuriarrain zizurkildarra emakumezkoetan eta Alfonso Grae duatloi egokituan.

Duatloi egokituko proba hasi dute lehenik, eta han parte hartu dute Alfonso Graek, Joseba Azkaratek eta Marea Urdina elkarteko itsu taldeak. Nekane Zalbidek –bizikletan– eta Jose Antonio Zulaikak –korrika— begiak estalita egin dute proba, eta Aritz Orbegozo izan dute bidelagun bizikletan. Hala eta guztiz ere, Grae izan da probako azkarrena, eta ondoren sailkatu dira Azkarate eta Marea Urdinako kideak.

Emakumeek eta gizonek minutu gutxi beranduago hasi dute duatloi herrikoia. Gizonezkoetan, Oier Etxeberriak 33 minutu eta 30 segundo behar izan ditu hasiera eta helmuga lotzeko. Bidean, 2,5 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute parte hartzaileek lasterka, 10 kilometro bizikleta gainean, eta bukatzeko, beste 1,25 kilometro korrika. Juan Antonio Valle sailkatu da Etxeberriaren atzetik, proba 36 minutu eta 12 segundoan eginda. Hirugarren, berriz, Igor Aranbarri azkoitiarra sailkatu da, ibilbidea bigarrenak baino minutu bat gehiagoan eginda. Emakumezkoetan, berriz, Lorea Zuriarrain izan da azkarrena, duatloia 39 minutu eta 27 segundoan amaituta. Aitana Amondarain izan da bigarrena, proba 41 minutu eta 6 segundoan osatuta, eta Mari Carmen Seijas azkoitiarra hirugarrena, duatloia bigarrenak baino minutu eta zortzi gehiagoan eginda.

Sonia Vazquez kultura zinegotziak banatu dizkie guztiei sariak herriko plazan. Sari horiek guztiez gain, ordea, 23 urtez azpikoen eta beteranoen bi mailetako oroigarriak ere banatu dituzte. 23 urtez azpikoen mailan, Aroa Arteagak eta Danel Sagarduik jaso dute saria, eta beteranoen lehen mailan Mari Carmen Seijasek eta Juan Antonio Vallek. Beteranoen bigarren mailako saria, berriz, Inazio Larrañaga azkoitiarrak jaso du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide