Haur eta gaztetxoen lasterketekin hasi da duatloiaren festa

Andoni Elduaien 2022ko api. 30a, 12:44

Haurrak zein gazteak eta Marea Urdinako kideak izan dira goiz parteko protagonista nagusiak. Hainbat lasterketa jokatu dituzte adin-taldeka banatuta.

Gaur, larunbata, duatloiaren festa ari dira ospatzen Azkoitian. Duatloi lasterketa ugari jokatu dituzte, eta herriko haur eta gaztetxoak zein aniztasun funtzionala duten lagunak izan dira goizeko protagonista nagusiak. Adin-taldeka banatuta, distantzia eta ibilbide desberdinetako lasterketak egin dituzte LH1 eta DBH4 arteko umeek zein Marea Urdinako kideek.

09:30ean izan da aurreneko lasterketa, benjaminena (LH3-LH4), eta 500 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta 100 metro korrika egin dituzte horiek; 10:00etan, alebinen txanda izan da (LH5-LH6), eta 500 metro korrika, hiru kilometro bizikletan eta 200 metro korrika osatu dituzte; segidan, 10:30ean, aurrebenjaminak (LH1-LH2) atera dira, eta 200 metro korrika, kilometro bat bizikletan eta 100 kilometro korrika egin dituzte.

DBHko umeak, infantilak, izan dira jokatzen azkenak. 11:00etan hasi da horien proba, eta kilometro bat korrika, bost kilometro bizikletan eta 500 metro korrika egin dituzte. Aniztasun funtzionala duten lagunek ere parte hartu dute proban, eta gainera, Marea Urdinak hainbat jolas egin ditu goiz partean, "inklusioa" bultzatzeko asmoz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide