Azken eguna izan du gaur Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Geure Gelatik liburu azokak, eta antolatzaileen "ekitaldi kuttunenarekin" itxi dituzte ateak: emakumeek idatzitako testuen irakurketarekin. Arlo eta adin desberdinetako herritarrek parte hartu dute ekitaldian, eta haiek emakume idazleen lanak irakurri dituzte ahoz goran. Jende ugari animatu da Herriko Plaza aretora ekitaldia jarraitzera, eta adi entzun dute ordu bete pasatxo iraun duen irakurketa kolektiboa.
Olerkiak, narrazioen pasarteak edo liburuen zati esanguratsuak... irakurri dituzte ekitaldian parte hartu dutenek, eta euskal idazle eta itzultzaileen lanak aukeratu dituzte nagusiki.
Besteak beste, Lourdes Oñederra, Arantxa Urretabizkaia, Garbiñe Larrea, Angeles Mastretta, Uxue Alberdi, Nerea Loiola, Emailia Pardo, Maddi Ane Txoperena, Toti Martinez de Lezea, Itziar Ugarte, Katixa Agirre, Kattalin Miner, Oihana Arana, Lorea Agirre, Mª Luz Esteban eta Laura Mintegi idazleen lanak irakurri dituzte ekitaldian zehar.
Gaurko irakurketa kolektiboarekin itxi ditu ateak Geure Gelatik liburua azokak aurtengoz, eta antolatzaileak eskertuta agertu dira ekitaldiak izan duen harrerarekin. Zetntzu horretan, eskerrak eman dizkiete azokan parte hartu duten argitaletxeei. Emakumeen testuen irakurketaren saioa osorik jarriko du ikusgai Erlo Telebistak, bihar.