Arantxa Urretabizkaia: "Idazle lana bakarkako lana da, eta egindakoa norbaitek aintzat hartzea eskertzekoa da"

Maialen Etxaniz 2022ko api. 1a, 21:06

Ireki ditu ateak Geure Gelatik liburu azokak, eta ez edozein modutara; izan ere, Arantxa Urretabizkaia idazleari egindako aitortza ekitaldiarekin eman diote hasiera hiru eguneko azokari. 17:00etan zabaldu dituzte Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoko ateak, eta ordurako prest zituzten egitasmora batu diren argitaletxeen postuak.

Adin guztietako herritarrentzako liburuak jarri dituzte eskuragarri Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Igelak, Pamielak, Susak eta Txalapartak.

Azoka irekitzearekin batera herritar ugari hurbildu da lehen liburuak erostera, baina arratsaldeko unerik garrantzitsuena Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Urretabizkaiaren ibilbideari egindako aitortza ekitaldia izan da. Hain zuzen, idazle donostiarraren ibilbidea izan dute hizpide Juan Luis Zabalak gidatutako solasaldian, eta askotariko pasarteak eta bizipenak elkarbanatu ditu Urretabizkaiak bertaratutako herritarrekin. Horren ostean jaso du idazleak oroigarria, Maxixatzen euskara taldeko Julen Garateren eskutik. Pozez hartu du aitortza Urretabizkaiak, eta gaur gaurkoz emakumeen lana erdigunean jartzen duten azokak antolatzea garrantzitsua dela adierazi du.

Irekiera ekitaldia amaituta, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika liburuaren kontaketa egin dute aretoan, eta bihar jarraituko dute egitarauarekin.

Bihar, lau aurkezpen egingo dituzte Elkargunean. Igandean, berriz, herriko emakume baten txanda izango da, Gema Lopezena. Hark itzuliberri duen Landa aldeko neskak (Erein) liburua aurkeztuko du, eta horren ostean emango diote itxiera azokari. Hain zuzen, azoka behar bezala ixteko, emakumeek idatzitako testuen irakurketa izango  da, 25 azkoitiarren eskutik.

Liburu azoka, bihar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide