Arantxa Urretabizkaiari egindako aitortza ekitaldiarekin ireki dute Geure Gelatik liburu azoka

Andoni Elduaien 2022ko api. 1a, 19:09

Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen aitortza jaso du idazle donostiarrak. Juan Luis Zabalak gidatutako solasaldian, berriz, bere ibilbidearen errepaso bizkor bat egin du Urretabizkaiak. Elkargunean zazpi argitaletxek jarri dituzte beraien postuak, eta herritar ugari hurbildu da lehen liburuak erostera.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, udalaren babesarekin, gaur zabaldu du Geure Gelatik liburu azoka Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Idazle emakumeen lanari balioa emateko asmoz antolatu dute liburu azoka. Irekiera ekitaldian, hain zuzen, Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarraren literatur ibilbidea aitortu du euskara elkarteak. Julen Garate Maxixatzeneko kidearen eskutik oroigarria jaso du hark, eta Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak gidatutako solasaldian bere ibilbideko hainbat pasarte gogorarazi ditu; nolabaiteko errepaso bizkor bat egin du Urretabizkaiak. 19:00etan, berriz, Amaia Zinkunegiren Otsandreak korrika liburuaren kontaketa egin dute aretoan.

Azokan beraien postuak jarri dituzte Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Pamiela, Susa eta Txalaparta argitaletxeek, eta leku berean egingo dituzte bestelako ekitaldiak ere; besteak beste, liburu aurkezpenak eta testuen irakurketa saioa. Geure Gelatik izenpean egingo duten azoka honekin Virginia Woolf idazleari keinu egin diote antolatzaileek. Liburu azoka, etzi, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta, igandean, 11:00etatik 14:00etara.

Bihar, larunbata, lau aurkezpen egingo dituzte Elkargunean: Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena (Argia), Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar), Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) eta Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania). Igandean, berriz, herriko idazle emakume baten txanda izango da, Gema Lopezena, hain justu. Hark Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein) liburu itzulpenaren aurkezpena egingo du —irakurri hemen, Mailo Oiarzabal kazetariak hari egindako elkarrizketa—. Azoka behar bezala ixteko, berriz, Emakumeek idatzitako testuen irakurketa izango da 25 lagunen eskutik.

Hona hemen bihar eta etziko egitaraua:

Bihar, larunbata
  • 11:00etan, Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena (Argia) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) saiakerarekin prestatutako emanaldia.
  • 17:00etan, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa) liburuaren aurkezpena.
  • 18:00etan, Goiatz Labandibarren Amez (Alberdania) liburuaren aurkezpena.
Etzi, igandea
  • 11:00etan, Gema Lopezek itzulitako Edna O'Brienen Landa aldeko neskak (Erein) liburuaren aurkezpena.
  • 12:00etan, emakumeek idatzitako testuen irakurketa, 25 lagunen eskutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide