- Xabier Leteren Ikusten duzu goizean abestiari Josu Elberdinek egindako bertsioa: "Txikitatik gustatu izan zait abesti hau. Ez dakit zergaitik, baina noizean behin burura etortzen zaidan kanta horietako bat da. Orain dela gutxi, gainera, Josu Elberdinek egindako bertsio hau aurkitu nuen; moldaketa bikaina iruditu zitzaidan".
- Jesus Guridiren Amorosa abestiari Rotterdam Philharmonic Orchestrak egindako bertsioa: "Euskal musikak duen melodiarik hunkigarrienetakoa iruditzen zait Jesus Guridiren lan hau. Mundu osoko orkestra desberdinek jo izan dute. Behin eta berriz entzun eta sekula nekatzen ez naizen abestia da".
- Kepa Junkeraren Itsasoan laino dago abesti herrikoiaren bertsioa: "Izugarri gustatzen zait melodia herrikoi hau. Oso sinplea badirudi ere, sentimendu ugari aurkitzen dizkiot. Gainera, beste abestiren bat jotzen hasi aurretik askotan jotzen dut musika tresna pixka bat berotzeko. Kepa Junkerak grabatutako bertsio hau aukeratu dut oraingoan".
- Zure amak badaki (Sorotan Bele): "Buruan gelditzen diren horietakoak dira Sorotan Beleren lehen diskoko kantu gehienak. Argitaratu zutenetik urte asko pasatu dira, baina kanta hau edozein tabernatan jarriz gero, ziur nago lagun bat baino gehiago hasiko litzatekeela abesten".
- Hertzainak taldearen Aitormena abestiari Kometa taldeak egindako bertsioa: "Euskaraz egindako kantuen artean, zalantzarik gabe, klasikoetako bat da Aitormena abestia. Modaz pasatzen ez den abestia da, eta gainera, belaunaldi guztiek ezagutzen dute. Bertsio asko egin dira eta guztiek primeran funtzionatzen dute".