MEMORIA HISTORIKOA

Aintzane Ezenarro: "Memoria historikoa ez da erabili behar gorrotoa transmititzeko, gertatutakoa barneratzeko baizik"

Juan Luis Romatet 2022ko mar. 11a, 13:00

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria da Aintzane Ezenarro (Getaria, 1971). Garai gordinenetan demokraziaren alde lan egin zutenen memoria jasotzearen beharra aldarrikatu du hark.

Zer helbururekin sortu zen Gogora?
Eusko Legebiltzarrak eta zenbait taldek bultzatuta sortu zen Gogora, memoriaren politika publikoak koordinatzeko helburuarekin. Atzera begiratu behar zela pentsatzen genuen, begirada hori egiterakoan genituen desberdintasunak kontuan hartuta. Gogoraren zuzendaritza 30 pertsonak osatzen dute; legebiltzarreko talde guztien –VOX kenduta–, Eusko Jaurlaritzako sailetako, Eudeleko nahiz herri erakundeetako ordezkariek. Adibidez, Paco Etxeberria zuzendaritzako kidea da; zuzendaritzan denetarik izaten saiatu gara.

Memoria historikoaren lanketa horretan Espainiako Gerra eta lehen frankismoa jasotzen dira, baina baita 1960tik aurrera sortutako bestelako indarkeriak eta haiek eragindako sufrimenduen gaineko memoria ere. Giza eskubideen urraketen memoriaz ari gara hizketan, balio demokratikoei eutsi zioten pertsonen eta kolektiboen inguruan. Ez dugu soilik traumaren transmisioa landu behar; bereziki, egoera zailenetan berdintasunaren, askatasunaren eta justiziaren alde egin zuten pertsona horien memoria ere jaso behar dugu.

Zer lan egin dituzue urteotan?

Memoria historikoari buruzko ikerketa asko egin ditugu. Adibidez, ikerketa bat gauzatutako ondoren jakin dugu, gutxienez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 21.000 pertsona hil zirela 1936ko gerran. Aurretik ez zegoen halako errolda ofizialik, eta hori egiteko erregistro zibil guztiak, parrokietako erregistroak, hilerrietakoak, paperak dauden leku guztiak arakatu ditugu modu sistematikoan. Horrek ez du esan nahi horiek direnik gerran hildako guztiak, baina horiek badira, behintzat. Izenak bakarrik ez, pertsona bakoitzaren dokumentazioa ere berreskuratu dugu. Orain, presoekin ari gara lanean, preso egon ziren guztiekin. Lehen atakan, 1945. urtera arteko presoen zerrenda egingo dugu, eta gero, epeak zabaltzen joango gara.

Garai hurbilagoko kontuen inguruko ikerketak ere egin ditugu, eta horiek ezagunagoak dira. Ikerketa asko egin ditugu ETAren eta beste terrorismo mota batzuen inguruan. Biktimen testigantzekin osatutako ikus-entzunezko bilduma bat ere badugu; gerra garaikoen testigantzak daude jasota, baina bereziki, gaur egungo biktimenak. Biktima guzti-guztiei eskaini diegu beren testigantza grabatzeko aukera; etorkizunerako hor gera daitezke horiek.

2023ra begira, berriz, XX. mendean Euskadin egindako giza urraketen inguruko erakusketa bat ari gara prestatzen, batez ere testigantzetan oinarrituta. Dena den, historia ere kontatuko du. Izugarrizko erronka da. Gure helburua urraketa horiez hitz egitea da, bereziki urraketa horiek jasan dituztenen ahoetatik.

1960tik hona izandako indarkeria kasuek ezkutatu egin al dituzte Espainiako Gerran eta ondorengo urteetan izandakoak?

Orduan gertatutakoak ez dira egon estalita ETAren indarkeriagatik; estalita egon dira trantsizio eredu bat ezarri zelako Espainian. Ez zait gustatzen muturreraino kritikatzea, garai hartan ez zen-eta erraza izango trantsizio hura egitea. Baina orain egiten ari garen memoriaren inguruko lanketa honek zerbait erakutsi badu, memoriarik gabeko trantsizioa egitea ez zela ideia ona izan da. Izan ere, ez du zauririk konpondu, eta sufrimenduak hor jarraitzen du. Gero, beste 40 urte pasatu dira memoriaren kontu dena martxan jarri den arte. 

2000. urtean, Emilio Silva bere aitonaren bila hasi zen, eta aurkitu egin zuen; horrek jarri zuen martxan desobiratze prozesua. Lehen exhumazio hartan izan ziren Paco Etxeberria eta Lourdes Errasti. Egindako lanaren aitzindariak izan dira, ez Euskal Herrian bakarrik, baita Espainian edota munduan ere. Bide bat ireki zen, eta hari tiraka, lege berriak egin zituzten Espainian. EAEn baino geldoago doa kontua, hala ere; hemen jarraipena izan du lanak 2000. urte hartatik. Orain, desobiratze prozesua ia-ia amaitu dela esan daiteke. Noizean behin agertzen da da hobiren bat –orain gutxi Bilboko Begoñako hilerrian agertu da bat–, baina lan asko eginda dago jada. Esan beharra dago EAEn ez dagoela desadostasun handirik gai honen inguruan; PP ere ez dago guztiz kontra. Ez da eztabaidarako gaia; denok batera goaz, eta nahiko ondo doa prozesua.

Pena handiena da jendea hil egin dela; kasu batzuetan, 36ko gerran borroka egin zutenen seme-alabak ere hil dira. Laster omenaldi bat egingo dugu Derioko Vista Alegre hilerrian, eta fusilatu zituzten herritar guztiak gogoratuko ditugu. Guztira, 1.500 lagun fusilatu zituzten, eta 500dik gora hilerri horretan. Haien familien kontaktuak baditugu, eta gonbidatuko ditugu omenaldira. Berandu da, baina familiarteko batzuek izango dute omenaldi hori bizitzeko aukera, eta hori da pozik handiena ematen didana.

Gai hau aipatzen den bakoitzean, Espainiako gizarteko edo politika munduko ordezkari batzuek diote halako eskaerekin, halako ikerketekin, zauriak zabaldu egiten direla.

Pedagogia lana egin behar da, baina oraindik ere bi Espainien kultura oso errotuta dago. Anai-arreben arteko gerrak oso zailak dira kudeatzen, are gehiago gaizki ixten baldin badira. Hemen ez zen gerra zibilik egon; demokraziaren kontrako kolpe bat egon zen, eta huts egin zuen eta horrek eragin zuen gerra. Nik uste bide onetik ari direla orain; pedagogia demokratikoa egiten ari dira, azpimarratzen dute demokrazia batek ezin duela halako ezer jasan. Eta hori letra guztiekin esan behar da.

Memoria historikoa lantzerakoan, gordin jokatu behar da, geure buruari gezurrik esan gabe. Memoriak ez du izan behar besteak egindako oker hori azpimarratzeko. Memoriak balio behar digu kamerari buelta eman, eta zera pentsatzeko: 'Ni non egon naiz?', 'nik zer egin dut edo zer ez dut egin?', 'orain dakidanarekin zer egingo nuke?'. Memoria ez da erabili behar gorrotoa mantentzeko edo transmititzeko, memoriak balio behar du gertatutakoa barneratzeko eta aurrerantzean halako jokabiderik ez dudala izango erabakitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide