Azkoitiarren doinuak

Jon Garateren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko urt. 12a, 09:00

Jon Garate.

Jon Garate Misille loteria saltzailea da Maxixatzen.eus-ek Gabonen bueltan berriro martxan jarri duen Azkoitiarren doinuak serieko bederatzigarren eta azken protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Cuba libre (Pin Pan Pun Band): "Abesti honen bertsioa egiten neu ere tartean izan nintzen. La Habanara joan ginen, Kubara. Kubako musikari batzuk ezagutzeko aukera ere izan nuen, besteak beste, Batanga Sonoc taldea, eta abestia haiekin grabatzea erabaki genuen".

  • Mendiko osasuna (Laja eta Landakanda): "Letra ederra du abestiak, baita musika ere. Azkoitiko nahiz Euskal Herriko trikiti munduan garai bat markatu dute Lajak eta Landakandak".

  • Jon Braun (Imanol Urbieta): "Umea nintzenean, askotan abesten zidaten kantu hau. Nahiz eta gaur egun gustura entzuten dudan, gurasoek esan izan didatenagatik umea nintzenean negarrez hasten abestia entzundakoan; ez dakit zergatik izan daitekeen. Orain, Youtuben entzunda jakin dut uste baino abesti luzeagoa dela. Mundiala da".

  • Euskadi (Txapelpunk): "Nahiz eta abestia orain euskaraz eta euskal selekzioagatik den, hasiera batean gazteleraz eta Athletic futbol taldeari buruz egin zuten. Abestia grabatzeko momentuan, ordea, horri buruz hitz egin nuen Iñigitorekin, eta abestiak euskaraz izan behar zuela erabaki genuen. Etsaiak taldearen kontzertura joan baino lehen egin genuen afari batean lagundu nion Iñigitori abestia euskaratzen eta soinua neurrira sartzeko letra zatiak asmatzen. Letra paperezko mahai-zapi batean idatzi genuen".

  • Lepoan hartu (Etsaiak): "Askotan abesti hau izaten zen Etsaiak taldearen kontzertuak amaitzeko bisaren aurretik jartzen nuen azken abestia. Guztiok dakigu abesti honen letra eta guztiok abestu izan dugu parrandan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide