Egun handia izango da bihar azkoitiarrentzat. Izan ere, urtebeteko etenaren ostean sanandresetako danborrada egingo da herriko kaleetan zehar, eta, gainera, Maxixatzen.eus-en nahiz Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da. Azken unera arte kolokan egon da danborrada, Eusko Jaurlaritzak neurri berriak iragarri baititu aste honetan intzidentzia tasa 150etik gorakoa zuten herrietan. Udalerrien esku utzi zuen erabakia Jaurlaritzak, eta Azkoitiko Udalak danborrada egitea erabaki zuen asteazkenean.
Hala eta guztiz, ez da ohi bezala ospatuko danborrada, eta segurtasun zein osasun neurriak beteta egingo dute. Udalak gaur baieztatu duenez, danborradak "ohiko ibilbidea" izango du bihar, eta Gurea pilotalekutik 22:00etan abiatuko dira danborjoleak; handik, Aingeru kalera joango dira, eta, gero, Kale Nagusira. Herriko plazan lau abesti joko dituzte taldeek, Udal Musika Bandaren laguntzarekin, eta handik Balda plazara joango dira, han beste hiru abesti jotzeko. Hurrengo geltokia Julio Urkixo izango da, baina erakundeak iragarri duenez, han ez dute geldialdirik egingo aurten. Handik Plaza Berri zeharkatu eta Kale Nagusira joko dute berriro taldeek, ondoren plazara joan eta han beste hainbat pieza jotzeko, bueltan pilotalekura itzuli aurretik.
Segurtasun neurriak medio, aurten pilotalekuan ez dute txokolaterik banatuko danborrada amaitu ostean. Eta gainontzeko neurriei dagokienez, partaideek maskara "zuzen jarrita" eraman beharko dutela adierazi du udalak, eta ezingo dutela ibilbidean zehar "jan, edan eta erre".
Guztira, honako hamar taldek parte hartuko dute biharko danborradan: Napoleon, Pilota, Ixkitturri, Presoen taldea, Floreagako bi talde, Ikastolako bi talde, Txintxarri eta Aldapa. Danborradako azkenaurreko entseguan Joxan Mendizabal eta Yolanda Larrañaga zuzendariekin hitz egin zuen Maxixatzenek.