Azkoitiarren doinuak

Udane Juaristiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 08:45

Udane Juaristi.

Udane Juaristi artista da Maxixatzen.eus-ek udan martxan jarri duen Azkoitiarren doinuak serieko laugarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Aitormena (Hertzainak): "Batez ere abesti honen letra dut gogoko; poesia iruditzen zait. Gariren ahotsak eta bertsio honetan duen musikak piztu egiten nau, dantza egiteko gogoa sartzen zait, eta emozio asko sortzen dizkit batera".

  • Bizkaia maite (Benito Lertxundi): "Benitoren kanta ia guztiek hunkitzen naute, eta barruak buelta ematen dit horiek entzuten ditudan bakoitzean. Batez ere, nire estudioan sartu eta margolanak egiteko orduan atsegin dut bere kantak altuan ipintzea. Aukeratu dudan abesti hau oso berezia da, entzuten dudan bakoitzean nire izeba ekartzen baitit gogora, eta orain nire osaba ere bai. Beraz, Bizkaia maite kanta nire pozak, oroitzapenek eta tristurak bat egiten duten momentua da".

  • Korapilatzen (Olatz Salvador): "Kantatzeko duen modu goxoa, musika eta batez ere abestiaren letra gustatzen zaizkit. Ederra!"

  • Ispilu aurrean (Alaitz eta Maider): "Nire gaztetako momentuak gogorarazten dizkit. Lehen eta orain, gogoko dut bi ahotsen elkarlana. Trikitixa balada eginez, aspaldiko kanta da, baina oraindik ere entzuten dut noizbehinka".

  • Nere mundu polit txiki hontan (Xabi Solano): "Xabiren eta Esne Beltzaren kantu on asko dauden arren, honako hau aukeratu dut. Beraiekin proiektu bat egiteko aukera izan nuen, beraien musikak eta nire margolanek bat egiten zuten emanaldi batean, eta han kantatzen zuten abesti hau. Artista eta langile bikaina da Xabi, trikitixa oinarri duela, musika berriago eta modernoago bat lortu duelako".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide