1.- Tirolinan ibiltzeko:
Orioko parke berezienetakoa futbol zelaiaren eta errioaren artean dagoena da. Hartxintxorretan pozik ibiltzen dira mugimendua gustuko duten ume eta ez hain umeak: tirolina dauka, baita altuera handian dagoen txirrista ere. Soketatik eskalatuta bakarrik iritsi daiteke bertara. Belardia eta egurrezko mahaiak ditu inguruan, eta errio ondoko paseoari jarraituz, hondartzaraino iritsi daiteke. Azpeitian, Goenan ere jarri dute tirolina gunea, baita Zarautzen, Vista Alegren ere, orain ez asko.
2.- Ur txorro artean:
Kostaldetik barrualderantz eginda, Azpeitian bada jolastuz naturan murgiltzeko aukera paregabea ematen duen toki bat: Izarraizko Atea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Esklabak komentuaren tartean. Uda sasoirako ezin aproposagoa da, ur txorrotak eta lakua dituelako. Haurrak plisti-plasta ibiltzen dira lurretik ateratzen diren txorrotetan, nahiz lakuaren bueltan, jolasean, zokormiran edo esplorazio lanetan. Komun publikoak baditu, baita mahaiak ere, inguruetan.
3.- Natura betean:
Eskualdearen mugetan, bada altuera handian dagoen parke bat: Zumaia eta Deba arteko Elorrixa auzoko merenderokoa. Parkea ez da berria, betiko elementuak ditu, baina sekulako paisaiaz goza daiteke bertatik, inguruko mendi, herri eta auzoak ikus daitezkeelako, eta naturaz eta lasaitasunaz blaitzeko leku egokia da. Egun pasa ederra egiteko aukera ematen du, mahai asko eta komunak ere badituelako. Aiako Pagoeta parkean ere antzeko haur parkea dago, hura ere paraje berezian eta egun pasa egiteko behar diren elementu guztiez hornitua.
4.- Barkua nagusi:
Eskualdean badira itsasoari keinu egiten dieten haur parkeak. Orioko hondartzakoak, Zarauzko Salbidekoak eta Getariakoak, esaterako, barku bana dute. Azken herri horretakoa da, ordea, hiruretan ikusgarriena. Haur parkearen elementu nagusia da, eta primerakoa umeek beren irudimena lantzeko, ontziaren txoko anitzak aztertzen dituzten bitartean.
5.- Adin tarte guztietarako:
Zarautzek hainbat haur parke ditu, baina Salbiden dagoenak badu berezitasun bat: konpletoa izatea. Batetik, estalia da, eta beraz, urteko egun guztietan erabil daiteke. Bestetik, parkeak adin tarte zabaleko haurrentzako jolasak ditu. Gainera, umeentzako bi frontoi txiki, futbol eta saskibaloi kantxa, eta ping-pong mahaia ditu. Komunak ere baditu, baita taberna eta kafetegiak ere inguruetan.
6.- Irudimena eta artea:
Azkoitira bertaratuta dago atal honetako azken proposamena. Ez da haur parke bat berez, baina haurrek erabiltzen dute nagusiki, eta haien mugimendua eta irudimena lantzeko egokia izateaz gain, artearen munduan murgil egiteko aukera ere ematen du. Oteitzaren frontoietan pilotan, ezkutaketan, korrika nahiz patinetan ibil daiteke, ohiko parkeetatik aldenduta. Estalpeak baditu, baita eserita egoteko tokiak ere.