Ingurumen Fiskaltzara jo du Urola Bizirikek Loizubi erreka inguruko planta bateko jarduera salatzeko

Nerea Uranga 2020ko urr. 22a, 16:15

Loizubi errekaren inguruan, Olaso azpian, egiten den hondakinen "legez kanpoko jarduera" salatzeko, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzara jo du Urola Bizirik natur taldeak. Eremu horretan, hondakinak kontrolik gabe erretzen dituztela kritikatu du, eta jarduera horrek "arazo ekologikoa eta osasun arazoak" eragiten ditu natur taldearen arabera. Udalak zigor espedientea irekita duela jakinarazi du, Loizubi erreka ingurua zabortegi gisa erabiltzeagatik

Azkoitiko planta batean hondakinak birziklatzeko edota errausteko "legez kanpoko" jarduera egiten dutela salatu du Urola Bizirik natur taldeak Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan; urriaren 13an jarri zuen salaketa. Planta hori Azkoititik Elgoibarrera arteko bide zaharrean dago, Loizubi erreka ubidea bezala ezagutzen den eremuan, Olaso azpian. Planta horretan, hondakinak birziklatzeko ingurumenaren kontrako jarduerak egiten direla kritikatu du natur taldeak, hala nola hondakinak errez edota olioak eta bestelako likido kutsakorrak isuriz. "Guk jarri dugun salaketa Azkoitian dagoen jarduera ekonomiko ilegal-alegal batek sortzen dituen hondakinen gainekoa da. Jarduera horrek, bere egunerokoan, legez kanpoko prozedurak erabiltzen ditu birziklatu beharreko hondakinak errez", azaldu du Urola Bizirikek.

Urola Bizirikek salatu duen planta horren eguneroko jardueraren lekuko dira inguruko bizilagunak; hala adierazi du natur taldeak: "Gauero sua ikusten dute plantan, eta arnastu ere ezin den ke batez inguratuta aurkitzen dira goizero".  

"Arazo serioa"

Loizubi errekaren ondoko plantan bi arazo daudela kritikatu du natur taldeak. Alde batetik, "arazo ekologiko serioa" da gune horretakoa: "Kezkagarria da eremu horretako lurraren egoera. Bertako basoan eta inguruko errekako uretan jarduerak duen eragina oraindik aztertu gabe badago ere, begi bistan dago behar bezalako neurririk ez dutela hartzen". Bestetik, plantak "osasun arazoa" ere eragiten duela esan dute, "inguruko bizilagunek egunero kiratsa darion laino bat arnastu behar dutelako".

Urola Bizirik natur taldeak, Fiskaltzara jo aurretik, beste bide batzuk jorratu ditu planta horretako jarduera salatzeko eta neurriak hartzeko eskatuz. Dena den, gune horretako "arazo ekologikoari irtenbiderik ez" zaiola ematen ikusita, bide administrabora jo dute. "Plantaren inguruko bizilagunek aspaldi eman zuten egoeraren berri, baina ez da zuzendu; jarduera ez da eten. Horregatik, salaketa Ingurumen Fiskaltzan jartzea erabaki du taldeak. Ikusiko dugu bide honek hemendik aurrera zer urrats egiten dituen".

Bide "konplexua"

Bide administratibora jotzeko erabakia ez dela erraza izan adierazi du Urola Bizirikek: "Salaketa jartzea ez da gauza arina, denbora luzea iraun dezakeen prozedura administratibo konplexu bat hasten delako". Hala ere, natur taldeari "arazoa larria" dela iruditzen zaio, eta bide horri ekitea erabaki du. "Egoeraren larritasunarekin" kezkatuta daude, eta "arazoak daukan dimentsioa ikusita" erabaki dute Fiskaltzara jotzea.

Ingurumenaren aurkako jardueren aurrean gertatzen diren egoerei buruzko gogoeta bat ere egin du natur taldeak. "Gogorra egiten zaigu hainbat administrazioko erakundetan ingurumen arazo baten berri ematea, eta denbora bat pasatu arren, egoerak eta arazoak bere horretan jarraitzen duela ikustea". Hau da, Ingurumen Fiskaltzara jo aurretik, plantaren jarduera okerraren berri eman du taldeak hainbat administrazioko erakundetan, baina Urola Bizirikeko kideen ustez, erakunde horietako ordezkariek ez dute behar besteko neurririk hartu: "Ez al ditu administrazioak herritarron eskubideak (osasuna, ingurumena...) babestu behar? Herritarren esku jarritako tresnak eta legedia benetan eraginkorrak al dira? Oraindik ere denak balio al du ekonomian?".

Administrazio publikoan ingurumena zaintzeko jartzen diren baliabideen gabezia ere kritikatu du Urola Bizirik natur taldeak: "Iruditzen zaigu ingurumenaren babesa ez dagoela oraindik errotuta gure gizarteran, eta gure administrazioa horren adibide garbia dela". Hori arrazoitzeko, herritarrak justizia.eus webgunea bisitatzera gonbidatu ditu natur taldeak, honako galderak eginez: "Ikusten al duzue webgune horretan ingurumena nonbaiten? Euskadin ez al dugu bada delitu ekologikorik?".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide