Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, tramitazio fasean du partikular baten aurka irekitako espediente zigortzailea "behin eta berriro Ingurugiroa Babesteko 3/98 Lege Orokorraren arau-hauste larriagatik". Udalak, Olaso azpian, Loizubi erreka inguruan, mota guztietako hondakinen isuri inkontrolatua egitea, lizentziarik gabe etxolak eraikitzea eta zonaldea zabortegi gisa erabiltzea egotzi dizkio partikular bati.
Udalak adierazi duenez, uztailean eman zion hasiera espedientearen tramitazioari. Zegozkion jakinarazpenak egin eta legeak agindutako epeak gainditu ostean, ebazpen proposamena egina dagoela eman du jakitera udalak, eta 12.000 euro inguruko bi zigor ezartzea aurreikusi du. Urriaren 15eko Lurraldea Batzordean Javier Zubizarreta alkateak gainerako alderdi politikoetako ordezkariei espedientearen eta egoeraren berri eman ziela azaldu du udalak.
Era berean, udalak esan du ez duela irekita dituen espediente zigortzaileen berri emanten. Kasu honetan, ordea, "beharrezkoa" dela adierazi du udalak, Urola Bizirik taldeak Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean salaketa jarrita duela jakinarazi baitu. Olasoko Loizubi erreka inguruan gertatzen ari dena legez kanpoko jarduera izan daitekeela uste du Urola Bizirik taldeak.